Badator hogeita bigarrena
Hogeita bigarren Korrika datorrela eta pasa den ostiralean bertso afaria antolatu zen «Abiñaburun». Beste leku baten hitzemana nuen, eta ez nuen afarira joaterik izan, baina afalosteko bertso saiora heldu nintzen.
Ez dakit afaria Busturialderako edo Busturirako deituta zegoen, baina zera uste nuen: Busturian bertso afariek izaten duten arrakasta ikusita, Korrikak herriko zein eskualdeko euskaltzaleok han batuko gintuela.
Saioa hasteko dagoela heldu nintzen, eta afaritan bildutako kopurua aditu nuenean lilura galdu nuela aitortzen dut, eskas xamarra, baina antolatzaileak beti du arrisku hori. Gizataldearen profilaz ohartutakoan ordea; lagun talde jakin baten afaria ematen zuen, ez nuen ohituta nagoen ekintza anitz zabala ikusten. Ez nintzen eroso sentitu, are gutxiago barra inguruko busturiarren artean errezeloa sumatu nuenean.
Nola liteke Busturian, bertso afari esanguratsuak antolatzeko baldintza daudela frogatuta dagoen herrian itxura hori agertzea?
Galderaren zergatia azalduko dut: Busturiak herriko kulturgintza batzen duen udal batzorde du 1987az geroztik, Horrez gain, beren-beregi sortu eta AEK-k gidatzen duen Euskara Batzordea dago 12 urteotan. Gainera nik dakidala, korrikaren ezaugarri historikoetariko bat herrietako Korrika batzordeak dira. Busturin, gainera, Otsozulo bertso afarietan ganora erakutsi duena gazteen batzarra dago, herrian eragiteko zer behar da gehiago? Zer gertatu da orduan Korrika kulturaleko ekintzarekin? Nork eman dio lepoa nori? Koordinazio falta, heldu ezina? Edo agian hogeita bigarren korrika hau Busturiko «aristoen» korrika izateko jaio da?
Zelan erantzungo ote dio Busturiak aurtengo Korrikari? Betiko moduan desio dut, hasi txukun-txukun hasi ez garen arren. Dena dela oraindik apirilaren zazpia bitartean kultur ekintza pluralago bat egiteko garaiz gaude. Hori bai tranparik egin gabe, Korrika txikia ondo dago, baina ez erabili gure gabezia estaltzeko. Ez ahaztu AEK helduen euskalduntze alfabetatze koordinakundea dela.
Bukatzeko, ni neu urteotan galdera baten bueltan nabil hausnarrean.
Zerk kateatzen du erabilera euskaldunon barrenean?
–Doro Zobaran. Busturia