Baietza, ezinbesteko baldintza
Duela urte batzuk, kalera irten izan behar ginen Ez da abusua, bortxaketa da! lelopean. Nola izan zitekeen posible
18 urteko emakume bat bortxatu zuten bost gizonak ez zigortu izana sexu erasagoatik, sexu abusuagatik baizik. Epaiaren gakoa argia zen: indarkeriarik eta larderiarik ez zela egon bortxaketan zehar. Hori baita, abusuaren eta bortxaketaren arteko aldea. Epaiak argi erakutsi zigun emakumeen askatasun sexuala erasotu zitekeela, tartean, indarkeria eta beldurra ez bazegoen, noski.
Isilik geratu zenez, geldirik, blokeatuta, sententziak ez zuen biolentzia zantzurik ikusi. Antza denez, erantzun posible bakarra emakumeak bortizki jokatzea da. Erasotzaileari biolentziaz erantzutea, gure burua babesteko. Epaitegian ez da kontuan hartzen, horrelako egoeretan, paralizatzea posible dela. Instintiboa da, gorputzaren erantzun bat, bizirik jarraitu ahal izateko.
Soilik Baietz da Baietz Legearen muina adostasuna zen. Legeak onespena jartzen zuen erdigunean, soilik baiezkoak balio zuela, alegia. Baldintza aldaketa horren atzean, Iruñeko kasua bezalakoak daude, argi erakutsi baitzuten matxistak direla abusua eta erasoa desberdintzeko erabiltzen diren parametroak. Eta epaitegien matxismoa ez da bukatzen hor. Prozesu judizialean, emakumeek erakutsi egin behar dute indarkeria bortitza jasan izanaren froga fisikoak. Baina, nola frogatzen da besoaren bihurritze bat? Immobilizazio bat? Zaplazteko bat? Indarkeria frogatzea ez da batere erraza. Prozesu osoa erasotuaren gain jartzen da eta, horren ondorioz, berbiktimizazio efektua ematen da.
Onespenari eta lege honek dakartzan aurrerapen feministei begiratu beharrean, alarma soziala sortu da, hein handi batean, gizarte eztabaida marko punitibistara mugatu delako; eta hedabideak horren konplize izan dira. Berriz, bueltatu gara lehengora, pauso bat atzera. PSOEren erreformak berriro uzten du emakumea babesgabe epaitegietan.
Ezin dugu pentsatu indarkeria matxista zigorrak handituz bukatuko denik, baina azken erreforma honek argi utzi du, indarkeria matxista estrukturala dela, eta gobernua patriarkala. Eztabaida zigorretara mugatzen badugu, indarkeria matxistaren errealitatea desitxuratzen jarraituko dugu eta bere egiturazko izaera estaltzen.