Baserritar bat, hamaika ofizio
Ofizio askoko pertsona, irabazi gutxiko pertsona, esan ohi da. Baserritarra izatea beti izan da ofizio askoko ogibidea. Benefizioari dagokionez ez gara ez negarrez, ez algaraka saltoka hasiko., orain ez da horretarako txanda eta.
Baserriko lanak beti anitzak izan dira, lehengo artisau-ogibide gehienetan bezala. Honek zera esan nahi du, bere ogibideko egin beharretatik aparte, beste ogibide batzuetatik datozenak ere bere gain hartu behar izaten zituela.
Baserritarra baserritar zen, belarrak moztu, ganadua zaindu, erein, landatu… egiten zituen. Horiek bere ofizioko lanak ziren. Baina horietaz gain, harotz lanak egin beharrean ere izaten zen, baita iturgin edota argilari lanak ere egin behar izaten zituen, eta mekanikari (traktore eta gainontzeko tresnek hainbeste elektronika ez zutenean).
Edozeinek bere etxean egiten dituenak, baina baserritarrok gure ogibidean egin beharrean gara. Imaginatzen duzue irakasle bat gelan apurtutako mahai edo aulkiak konpontzen; edo bulegari bat bere mahaitxoaren gaineko argia aldatzen, edo tallerreko makinan dagoena iturgin lanetan iturri bat gaizki dabilelako?
Ba baserritarrok, eta beste autonomo batzuk ere, hori dena eta gehiago egin behar izaten dugu.
Orain gainera beste arlo batzuetan sartu behar izan dugu. Komertzial ere izan behar dugu merkatu edo dendatan gure produktuak saltzeko. Kontabilitate ardurak hartu behar izan ditugu gure lanen fakturazioa egiteko, baita BEZaren kontuak aurrera eta atzera ibiltzeko, eta faktura liburuak eroateko.
Hizlari, trebatzaile lanak ere egiten ditugu erakunde, instituzio, elkarte edota sindikatuetatik antolatutako ikastaro ezberdinetan. Eta honetarako hitzaldiak, powerpointak, bideoak eta abarrak prestatu.
Gure lanaren channel managerrak ere bihurtu behar izan dugu jendeari errezago zaiolako tomate bat on-line erostea, on-merkatuan erostea baino.
Eta guzti hori egiten dugun artean eta jendea burua oporretan duen artean, barazkigintzan dihardugun baserritarrok, beroaren erdian, neguan sartu gara, dagoeneko hurrengo neguko jatekoak landatzen bait gabiltza; denborari aurre hartzea ere gure ofizio bait da