Baserritarrak
Garai baten baserritarrak indar handia zuten gizartean. Ekonomikoki beraiek ziren indartsuenak eta sozialki ere gizartean beren hitza kontuan hartzekoa zen. Aberatza hitza ere «abere» hitzetik dator, eta abere asko zituen jabea zen.
Bizkaira eta Gipuzkoara mugatuz, industria indartzen zen heinean, baserritarrena ahultzen joan zen. Aldaketa honen lekuko gutako asko gara, eta gaurko baserrien egoera denok ezagutzen dugu. Ia inor ez da bizi horretatik; ezin dira bizi. Horregatik gehienak fabriketara joan ziren soldata eta baldintza hobeagoetan lan egitera.
Aldaketa handia izan da Euskal Herriko gizarte giroan, euskara mailan batez ere. Baserrietan jende asko bizi zen, eta gaur gunera arte, euskararen gotorleku izan ziren Euskal Herriaren historian. Ez diegu inoiz eskertuko merezi duten beste euskal gizartean izan duten paper hain garrantzizkoa.
Gaur egun baserriek hor jarraitzen dute, gure paisai ederrak dotoretzen. Hirietan eta herrietako kaleetan baloratzen diren monumentuen artean sartu behar dira, eta ez daukat zalantzarik, gero eta gehiago baloratuko direla gure baserriak.
Baserri inguruan aldaketa handiak ezagutu ditugu, eta berarekin lotutako lan asko desagertu egin dira. Baina desagertu behar ez dena euskal kontzientzia da. Horretarako, lagungarria da baserritarren iragana eta inguruko giroa ezagutzea
Zoritxarrez, asko hutsik eta erortzen dagoz, baina gehienak oso ondo konpondu dituzte, nahiz eta baserriko lanetik ez bizi. Baserriko lana beti deserosoa, neketsua eta sari gutxikoa izan da. Instituzioen aldetik ere laguntza gutxi izan dute. Garai baten, laguntza bakarra pinuak eman zien, pinadiak zituztenei. Une horietan, «urre berdea» deitzen zioten.
Gaur egun, berriz, pinuek diru gutxi ematen badute ere, zoritxarrez, gaixotasunak jota, arazo larri bat bihurtu dira. Denak daude zain arazo horri zein konponbide eman, eta ze laguntza izango duten ere jakin nahian. Badirudi, batzuk pozik dagozela gaixotasun hau dela eta. Aspaldiko kontua da, baina batzuk pinuaren aurkakoak dira, bertako espeziea ez delako. Baina pinua, bere mota guztiekin, Europa guztian hedatua dago, eta bere onurak, diruaz gain, ez dagoz zalantzan. Monterrey-tik Euskal Herrira pinu insignisa ekarri zuena Zubieta jauregiko Mario Adan deYarza lekeitarra izan zen. Pinadiak jasaten ari diren gaixotasunak, nire ume denboran gaztainondoek jasan zutena gogoratzen didate. Gaixotasun haren ondorioz, Bizkaiko eta Gipuzkoako gaztainadiak desagertu egin ziren.
Gaur egun, berriz, desagertu dena nekazaritza bera da. Eta abelzaintza ere une zailak ari da bizitzen. Gero eta artzain gutxiago dago eta hauek ere, gero eta zailtasun handiagoak dituzte. Otsoak, txakurrak, saiak edo putreak direla, baserritarrak arrazoi asko dituzte kexu izateko. Noizbehinka basurdeen eta oreinen bisita ere izaten dute, etxe inguruko baratzak hondatzeko.
Baserri inguruan aldaketa handiak ezagutu ditugu, eta berarekin lotutako lan asko desagertu egin dira. Gaur egungo gazteek eta ez hain gazteek ez dakite zer ziren «garijota», «artajorra» edo eta «artazuritze». Bizitza mota bat desagertu egin da, eta horrekin batera hizkuntzaren hitz asko ere bai. Horrek ez dauka bueltarik. Baina desagertu behar ez dena euskal kontzientzia da. Eta horretarako lagungarria da oso baserritarren iragana eta inguruko giroa ezagutzea.