Berbakaz eginiko sehaskea
Holantxe deitzen da herrian barikurako iragarri daben emonkizuna, edo ikuskizuna, edo dana dalako hori. Lagun artean, inork ez deutso erreparau afixari, jakina, baina berak bai. Segundu batzuk ostu deutsoz taberna batetik besterako bideari –mahai libreak topetea, garaiotan, ofizio zeharo gatxa dala jakin arren–, kartel hori leiduteko. Bapatean, aspaldian biziteko hartu eban martxa inkontzienteari aire-ufada freskoa bota deutso, antzinako partez. Hanka bat atara dau adiskide-taldeko alkarrizketa-gai jakinetatik: beti bardina esaten, edaten, entzuten, ikusten, erreten… zeozer desbardina entzun gura dauala erabagi dau, monotonia deitzen dala ez dakian bere sentimen zehaztu bako horren baitan.
Ezti-eztia iruditu jako izenburua: Berbakaz eginiko sehaskea. Izan be, bera antzinako egurrezko sehaska zahar hareetako baten egondakoa da eta, behin pentsetan jarrita, ze sehaska dago berbaz eginda? Umeari ez al deutse guztiek berba egiten? Esan leiteke egurrak babesten dauala bere gaua, bere loa, baina berbek aberasten dabela bere eguna.
Emonkizunean, poesia edo olerkiak leiduko ei ditue, nonor gitarrea joten ari dan bitartean. Zer dala-ta ez da, ba, joango? Berak ez daki halakorik idazten, baina beti begitandu jako poeta batek lez sentitzen dituala gauzak: sentimenduz ganezka, hil ala biziko muturretan, uneoroko orain edo inoz ez baten. Ohitura batzuk sortzen deutsen hunkidurea ez al da poeta batena? Edo agure zaharrekiko daukan miresmen arraro hori, edo musikea estimetako daukan modua, ia negar egiteraino.
Hori bai, ez da ordu egokia. Poteoaren erdi-erdian harrapetan dau emonaldiak. Baina, tira, asmauko dau atxakiaren bat lagun artetik alde egin ahal izateko. Egia esan, lotsa apur bat emoten deutso hara joateak, aretoa gaztez ganezka egongo dalako, edo jente bitxiz, beti halako desosegu bat emoten deutsen orrazkera nahiz arropa horrekaz…
Baina erremedio errez askoa izan dau guztiak: berandutxuago sartu da, ilunetan. Aretoa ez dago hain beterik eta atzean hartu dau jesarlekua, inguruan inor barik, esperientzia hobeto dastatzeko. Han ari da irakurle-parea: lehenengo, olerkia aurkezten dabe; ostean, egilea aitatu. Baina berak ez ditu izen horreek danak ezagutzen, ezta bat bera be. Hainbeste urrundu al da mundu interesgarritik?
Ulertzen ez dituan esaldi ugariz osoturiko baso zarratu horren erdian, tarteka-marteka, gauza polit askoak be entzun ditu: euria ari eban nire klitoriaren ganean; amodioa, batzutan, telefonoak joten ez daualako sentitzen dozun egarria da; heroina narrua jotea besteko gozoa dala esaten eban garai baten; jar ezazu eguna eta alkarregaz egingo dogu hegaz, Dorothy Parker, eta abar luze bat.
Une horretantxe, ume bat sartu da aretora eta beregana jo dau zuzen-zuzenean:
– Aita, amak etxera joateko dino, tontokeriak itxita!
– Demontre… nork esan deutsu hemen nengoala?
Baina jesarlekutik altxau eta, umeari ahora estaliaz, isil-isilik joan da. Ez dau pentsau gura izan behinola maitemindu eban barne-mundu interesgarri eta idiliko hari betiko atea zarratzen dagoala, aretotik kalerako atea zarratzen dauan artean.