Bizarra
Min emoten deust zeure bizarrak!», esan deutso lobeak, berarengandik urrunduaz, masailean mosu bat emon gura izan deutsonean. Bizarra moztu ondorengo egunean beti izaten dau arpegia lixa moduko latza. Berak barre egin dau, eta esan deutso baietz, jakina, bera lako piratek itsas trikuek moduko bizar gogorra izaten dabeela. Baina, barre egin badau be, sakonean, penaz geratu da lobeari mosu bat emon ezinagatik, eta onartu gura ez arren, mina emon deutso lobearen errefusa horrek.
Halanda be, eskua kokotsetik pasau ostean normala begitandu jako lobeak mosurik emon nahi ez izatea; itsas kabra bati mosu emotearen parekoa litzake. Eta pentsau dau bere lobeak bakarrik ez, beste pertsona frankok be holan ikusiko dauala: mosuak emoteko balio ez daben gizon bat lez, bere masaila beste baten masailagaz laztantzeko balio ez daben gizon baten gisan. Bizar ligor horregaz inork ez dau irudikatuko gizon samur, leun, edo askotan sentitu dan lez, gizon ahul eta hauskor bat moduan.
Ez dakie bizar gogor horren azpian azal leun eta sentikor bat izkutetan dala, bizarra mozten daben bakotxean sufritzen daben azal bat, askotan zauritzen dana; bizar-xaflea pasetan dabenean kejaka hasten dan azal bat, laztan eta maitasun gose dana. Lobeak min emoten deutsola esan eta berarengandik urrundu da. Ez da, inondik inora, kontu barria.
Bizitzan maite izan dituan pertsona ugari be berarengandik urrundu dira, ez bizar gogorra daukalako, baina bai ez dalako gai izan hareei erakusteko bere azal bigun eta leuna, bere alde hauskorra, bere bihotz biluzia. Beti sentidu dau —edo sentiarazi deutsie— mundu guztiaren aurrean, zelan edo halan, gogor agertzearen behar hori: indartsu, ausart, ezelako arrakala barik. Txikitatik erakutsi deutsie halan jagokola. Bera lako piratek bizar gogorra daukielako eta txistuagaz batera egunero iruntsi behar dituelako itsas trikuak, saburdinak, itsas kabrak eta akabu bako abar bat. Halakoak jango balitu bezala sentitzen dau mina saman, erakutsi ezin daben samurtasuna iruntsi behar izaten dauan bakotxean.