Bizimodu barri bat
Goizeon, bidegurutze baten furgoneta bi alkartu dira. Bata, ertzainez beteta etorren; bestea, aldiz, etxegileek subkontratauta dituen beharginez ganezka. Ertzainak ez dira beti gustora joaten aginduriko zereginetara; beharginak, ostera, inoz be ez. Baina han ziran talde biak, goizean goiz, ordu berean, semaforo berean frenauta. Ordurako, egunsentiaren kristalak urratuak zituan gauaren zalantza danak.
Ertzainak etxe bat hustera doaz, «ilegalki» bizi diran gazteak zelan edo halan ataratera; langileak, barriz, bidearen bestaldeko orubean obrak hasi ahal izateko lurra atontzera doaz. Ertzainetako batek ez dau joan gura, kaleratu beharreko gazte horreetako bat auzokidea daualako, baina ugazabeak ez deutso kontzientzia-eragozpenik onartu: «Horrexetarako daukazuez buruko baltzak, astokeriak lasai egiteko». Berbok ez ditu ahazteko, graduau zanetik.
Semaforora begira, momentu batez, pentsau dot polizion beharra be ez dala erreza, hau da, odol hotza eta eskrupulu gitxi behar dirala tankera horretako egitekoak burutzeko. Are gehiago, gizabanako «parapolizial» honeen inguruko estigmea egunero-egunero indartzen dan arren, nik neuk, behintzat, badaukadaz polizia perfektuaren papera irmo beteten daben persona batzuk nire ingurumari istuan: jente (auto)kritikoa dira, beharraganako baina batez be herritarronganako konpromisodunak eta, ororen ganetik, hezitzaileak dira. Gremioko gitxiengoa be badira, dana esan daigun. Iraganean herriaren zutabe-lanak beteten zituen alkatearen, medikuaren nahiz abadearen ordez, egun, irakasleak, gizarte-hezitzaileak eta poliziak jarriko nituzke nik, mundu perfektuaren idealizazino-prozesuaren baitan, gidari lez.
Baina kontua da etxe horretan bizi diran gazteak sentimenduz ganezka dagozala. Etxeak hutsik zeroan hamarkada luze bat: tren geltokiko etxea da, behealdean bulegoak eukazana eta ganean, ostera, familia batentzako bizilekua. Hor jarri ziran bizitzen lau gazte, orain dala urtebete inguru, eta orain, aldiz, euretako bik bikotekideak be bertan ditue. Etxe dekadente hartan, zeozelan, kristalak ipini zituen, ura sartu, argindarraren instalazinoa barriztu, hormak margoztu eta altzari barriak jarri. Etxea apain samar dago eta, egia esan, atariko trenbideek ikutu berezi bat emoten deutse lekuaren desanparoari.
Ertzainetako beste batek be ez dau joan gura: egunkarian leidu dau Euskal Herrian 245.422 etxebizitza dagozala hutsik, hau da, bostetik bat; hori dala ta, ez dau ulertzen zergatik joan behar daben sei gazte paketan bizi diran etxe bat gehiago hustera, baina ugazabeak ez deutso kontzientzia eragozpenik onartu: «Hemen ez zagoz legeak interpretetako, betearazteko baino». Erantzutekotan egon da ia noz joan behar diran Ardanza lehendakari ohiak Urdaibaiko itsasaderreko gune natural babestuan egin eban txalet erraldoi eta ilegala hustera, baina ez da ausartu. «Galoiak eta hierarkia», pentsau dau bere baitan.
Ertzain hau berau izan da, hain zuzen be, bizpahiru egunetan geltokiko etxearen inguruko muinoetan mendizale itxurak hartuta ibili dana, zelata lanak egiten, operazinoari buruzko txostena osotzeko: adierazo dau han ez dauala ikusi inongo defentsa mobimendurik prest, ez barrikadarik, ez sua pizteko egurrik, ez gazte gehiagoren isileko pilaketarik.
Obrako beharginek, artean, sua isiotu dabe, lanaren hasiereari beste animo bat emoteko. Jarraian, oholezko publizidade erraldoia lurrean jarri dabe. Gazteak, barriz, zeozer txarra datorrela iragarten dauan burrunba horreetako batek esnatu ditu.
Ertzainek lan errez askoa izan dabe. Furgonan okupak daroazela, obrako langileen iragarkia ikusi dabe: EKIN BIZIMODU BARRI BATI – COMIENCE UNA NUEVA FORMA DE VIDA. Azpian, etxe barrien marrazki itsusi bat dator. Eguzkia aspaldi urtenda dago eta argi-errainuek barrote itxurako gerizpak egiten ditue eraikinen arteko txokoetan.