Bizitzaren bidaia
Askotan autobus bateko gidaria naizela uste dut, autobusaren gatibu bizi naizela. Aulkian eseri, oinak pedaletan kokatu, eskuekin bolantea besarkatu, eta behin martxan jarrita, banoa. Buru gaineko ispiluak bidaiari guztien izana, itxura eta umorea erakusten dizkit. Bidaiariak berdinak dira egunero, noizbait, nolabait eta nonbait ezagututakoak, horrek egiten du berezi autobus hau. Guztiak lanpetuta daudela dirudi: Marga lehiotik begira, Aitor irakurtzen dabilen liburuko orriak behin eta berriz eskuetako zikinkeriaz igurtzen, Mirari musikaz gozatzen, Beñat ametsetan… Libreak dira nahi dutena egiteko, baina nik, ordea, autobus luze eta pisutsu hau zuzen eta denen gustura gidatzeko ardura daukat.
Emakume salbatzailearen konplexua ere badaukat; bidaiari guztiak eroso, pozik eta ezin hobe egoteak arduratzen nau. Ea musika egokia den, autobusa garbi dagoen, aire girotuaren tenperatura zuzena den, kurbaz betetako bide aldapatsu honetatik ongi gidatzen nagoen… Azkenean, ardura horiek guztiek uste baino gehiago pisatzen dute. Pisu hori guztia gurpilen gainean joan beharko zen arren, lepoan daramat.
Autobusaren gidaria izatearen parte zailena, bidaiari bakoitzaren helmuga zein den asmatzea da. Askotan geldialdien seinaleekin ez ikusiarena egiten dut, ateak blokeatuta egongo balira bezala. Ez dut agurrik esan nahi, ez dut nahi nehor autobusetik jaistea. Zaila da bidea elkarrekin ibili ondoren agur esatea. Hala ere, badakit inor autobus honetatik ez jaisteak, eta bere ibilbide propioa egiten ez uzteak, ondorioak ekartzen dituela: gurpilak apurka-apurka hustea, gasolinarik gabe gelditzea, zikinkeria ugaritzea… Autobusak aurrera egitea gero eta zailagoa da, eta bidaiarien errua dela uste arren, neu naiz ateak irekitzeko gai ez dena. Horregatik, sarritan autobusa nahi ez dudan bideetatik ere gidatu behar dut. Ez da erraza betiko bidaiariak jada nire autobuseko bidaiariak ez direla ulertzea, elkarbanatutako ibilbide guztiak eta gero. Autobusean ez dago guztientzako eserlekurik.
Autobusa gidatzen nabilela dirudi, autobusa ene bizitzaren islada da. Bidaiariak nire hurkoak dira, bizitzan zehar ezagututakoak. Geldialdiekin gertatzen zaidan gauza bera gertatzen da egunerokotasunean, sasoiz ihes egiten utziz gero, guztiontzat okertu daiteke egoera. Ez da gidariaren ardura bidaiari horien guztien ibilbidea sortzea, bakoitzak bere ibilbidea egin behar baitu.