Bizkaiko Pilota Federazioko lehendakariari
12 urteko gure semeak hiru urte daramatza pilotan jolasten. Pozik dabil lagun artean entrenamendu eta partidetan eta eskualdeko eta Bizkai mailako txapelketetan. Bizkaian dago federatuta, eta astebukaero herri desberdinen baten aurkako partida jolasten du.
Giro guztiz euskaldunean murgilduta daude, beste kirol batzuetan ez bezala. Kontua da, urtero, denboraldia hasten denean, Bizkaiko Pilota Federaziotik txapelketetarako arautegia jasotzen dugula. Nire harridurarako, gure lehenengo urtean, orain hiru urte, arautegia gaztelania hutsean jaso genuen. Gure klubean euskarazkoa erreklamatu ostean, federaziotik gaztelaniaz bakarrik bidali zutela esan zidaten. Jarraian, Bizkaiko Federaziora deitu nuen eta berehala euskaratu eta bidaliko zutela agindu zidaten. Urteak aurrera egin zuen eta beraien berririk ez nuen eduki. Buruz buruko txapelketa heldu zenean ere arautegi berriarekin egoera berbera suertatu zen. Berriro deitu nuen eta promes berbera egin zidaten.
Iazko urtean egoera berriro errepikatu zen eta aurten beste horrenbeste. Zazpigarren aldiz deitu dut Bizkaiko Federaziora hamabi orrialdetako dokumentu bat euskaratzeko eskatzen, eta kasurik ez didate egin. Ulertuko duzuen bezala, pazientziak muga bat dauka, eta horregatik ondorengo nire hausnarketa.
Hau izebergaren punta besterik ez al da izango? Zein hizkuntzatan funtzionatzen du Bizkaiko Pilota Federazioak? Federaziora deitu dudan zazpi aldi horietan behin bakarrik atenditu naute euskaraz. Webgunean eskegita dauden 27 dokumentuetatik (arautegiak eta abar) bakar bat ere ez dago euskaraz. Pilota Euskal Herriko kirol autoktonoa izanik, zentzuzkoa al da hau? Zertan bereizten dira Gaztela Leongo eta Errioxako Pilota Federazioak Bizkaikoarengandik?
Danok gaude euskararen alde, danok ospatuko dugu euskararen eguna, danok hartuko dugu parte Euskaraldian baina gero egunerokoan zer?
Lehendakari jauna, ez dakit egoera honen jakitun zaren ala ez. Edozein kasutan, azken arduraduna zu zarelakoan nago. Pilota Federazioak, euskararen trataera egokian eredu izan beharko liratekeelakoan nago; hitz batean pilota gurea delako eta gaur egun dugun kirol eskaintzan anitzean beste bat gehiago izan ez dadin zerbait berezia eskaini behar duelako.
Besterik gabe.
–Unai Argarate. Forua.