COVID-19aren aurrean, inposaketa ala heziketa?
Azkan boladan, ohitu egin gara neurri bereziak bete behar izatera birus barri honek eragindako egoera dala eta.
Inork be ez daki ondo zelan jokatu behar dogun, ezta politikariek eurak be. Neurriak bulegoetan hartzen dabez, eta goitik behera datoz, aldatu egiten dira, batzuetan egun gitxi pasata; eta, ondo ulertzen ez badoguz be, bete egiten doguz, gure eta gure ingurukoen osasunaren alde dalakoan. Beste batzuk, barriz, konbentzimendu handi barik, isunen ikaraz beteten doguz.
Ez gara sartuko hemen neurrien egokitasuna baloraten. Horretarako, gure logikak dino inplikata dagozen eragileekin osatutako krisi-mahai bat eratzea litzatekeela onena. EH Bilduk hasieratik eskatu izan dau mahai hori sortzeko, baina gure agintariak ez dagoz horretarako prest.
Baina azpimarratu nahi dogu herritarrari azaldu egin behar jakela neurri horrek zergatik hartu diran, bizi dogun egoeraz pentsarazteko. Gertaten dagoenaz informazio argi eta garbia emon behar da eta heziketa behar bat egin, herritarrak bai diralako gauza horren gainean hausnartzeko, arrazoitzeko eta neurriak zergatik hartu diran ulertzeko.
Eta eskaera hau egin dogu: Udalak astero zabaltzen daben Udaletik bideoa eta gainerako komunikazio tresnak erabilita, jendearen konzientziazioa lantzea. Lekittoko datuen nundik norakuak emon leikez, neurrien zergatia ahalik eta modu errezenean azaldu eta jendearen inplikaziñoia landu. Esate baterako, Coviden intzidentziaren semaforua ulertuko dabenik ez dago. Marra gorrian gagozela entzuten dogunian, pentsaten dogu herrian 500 infektatu dagozela, benetan 30 baino ez dirazenian. Eta 30 be ez dira gitxi, baina alarmismo eta ikaratik berba egin beharrik be ez dago. Azken finean, hobeto eta gustorago jokatuko genduke danok egoera ulertu eta neurriak geureganatu ezkero.
Beraz, mesedez, aldatu daigun inposaketa, eta horren ordez ekin dagiogun heziketari!
–Miren Tere Aboitiz. Lekeitioko EH Bilduren izenean