COVID-19aren ondorioak kalean eta espetxeetan. Errepresioa eta kontrol soziala
COVID-19 izeneko birusak nazioarteko krisi ikaragarri bat sorrarazi dau, krisia hurrengo asteetan gogortu egingo da eta kapitalaren ofentsiba barri bat suposatuko dau: EREak, ERTEak, murrizketak… Hau da, proletalgoaren pobretzea eta miseriaren areagotzea. Ildo horretatik, mugimendu gisa, Gazte Koordinadora Sozialistaren (GKS) kanpainara atxikitzen gara. Ondorengo lerroetan bizi dogun egoera errepresiboaren irakurketa egitera goaz, kaleetan zein espetxeetan.
Espetxeei dagokienez, beraien izaera kriminalaz jakitun, egoera kalekoa baino askoz okerragoa da. Bisitak galazota dagoz, beraz, isolamendua eta babesgabetasuna inoiz baino handiagoak dira. Espainiar estatuko kartzeletan, abokatuen bisitak kendu egin deutsiez (babesgabetasuna handituz). Beraz, kontaktua dei telefonikoetara murriztu da, isolamendu honek eta egoeraren gordintasunak presoenganako gehiegikeriak eta erasoak handitu ditzake. Esaterako, Algeciraseko espetxe zuzendariak mehatxuak egin deutsiez presoei. Bestalde, ezin dabe egunkaririk zein arropa poltsarik jaso, eta posta motelduta dago (are gehiago) Correosen dagoen egoerarengatik.
Beraz, presoek oinarrizko eskubideak ukatuak daukiez (juridikoa edo medikoa, adibidez). Medikuen kasuan, aipagarria Sevilla IIko egoera, 2019ko udatik medikurik barik dagoz, horren aurrean gure mugimenduak gutun bidalketa masiboa egiteko protesta martxan jarri dau, informazioa www.amnistiaaskatasuna.com webgunean daukazue. Aipatzeakoa ere bai kartzela horretan dagoen Ibai Aginaga preso berangoztarraren urteguna dala apirilaren 7an, eta mugimendutik berari zorionak ematen gutuna idazteko gonbidapena luzatzen deutsuegu, bere helbidea ere webgunean dago. Hamendik ere ZORIONAK IBAITXO!!!
Amaitzeko, kaleari dagokionez, beste behin kolore ezbardinetako indar armatuz beterik dagoz kaleak. Areagotu egin dira gehiegikeria polizialaren kasuak, isunak, atxiloketak etab. Ez dago baliabiderik osasungintzarako, baina hauentzako bai. Gernikako estatutua eta autonomismo ustela iruzur bat besterik ez dirala argi geratu da barriro, sozialdemokratak ezkutatzen saiatu arren.
Shock eta beldurraren doktrinaren ondorioz auzokide batzuk txibato bihurtu dira, sumisioa eta akritikotasuna eguneroko ogia. Kontrol sozial mekanismoak (GPS bidezkoa etab.) areagotzeko planteamenduak plazaratu dauz Jaurlaritzak. Helburua: klase elkartasuna eta borroka deuseztea.
Salbuespen egoera honetan ere errepresaliatuen baloreak, borroka eta amnistia osoa defendatzea dagokigu. Borrokatzea zilegi dalako: Amnistia osoa!
–Alexander Idoeta (Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduko militantea)