Dena ondo joan balitz...?
Honezkero helduta edo helzear egongo ziren Lamat, Fardi, Hurria, Baba, Ziyad… Baita ere Lea-Artibaiko aterpetxera uda bi hilabetez igarotzera lehen aldiz etorriko zen haur saharar koadrilla.
Eta dena ondo joan balitz…? Egoera honen harira atzera bota diren proiektuen inguruan sarritan errepikatzen dugu sentimentuz betetako galdera hau.
Dena ondo joan balitz baina, haur hauek ez zuten gurera uda igarotzera etortzeko beharrik izango… Ez zuten beraien familia milaka kilometrotara utzi eta bi hilabetez Euskal Herrian beste familia berri bat topatzeko arrazoirik izango. Guk ere, dena ondo joan balitz ez genuke ahaztuta dagoen herritarrentzako janari bilketarik egin beharko. Ezta ere beraiena ez den lurretara bisitak egin, ahal den neurrian laguntzeko.
Normalitate berriak normalitate zaharra izaten jarraitzeko itxura dauka herri sahararrarentzat. Etorkizunean ere gobernuek eta ardura politikoa duten herriengandik ahaztuta eta bizkarra emanda jarraitzeko itxura.
Gu normalegia bihurtu den anormalitate hau apurtzeko borrokan diarduten bitartean, herri sahararraren ondoan egongo gara beti. Inoiz ahaztu gabe gurera etortzen diren saharar borrokaren enbaxadore txikiak, errefuxiatu politikoak direla eta uda gurean igaro beharrean beraien herri eta leku diren Aaiun, Bojador, Dakhla…ko hondartzetan igarotzeko eskubide osoa dutela.
Gure nahia, aurten gurera ez etortzeko arrazoia egoerak behartutakoa izan den bezela, datorren urtean askatasunak behartutakoa izatea da. Ta agian, gu joango gara zuen hondartzetara… dena ondo joango balitz!
SAHARA ASKATU!
–Eneko Bedialauneta. Yaalah elkartearen izenean.