Deserosotasuna
Elkarte desberdinen grebek eta manifestazioek, alderdi politikoen arteko haserreek, sindikatuen etengabeko kezkek eta abarrek gaurko gizartearen bizi deserosoa adierazten dute. Pakean, lasaitasunean, neurri handi bateko segurtasun, askatasun eta bizi maila izatea ez dira nahikoa gaur egungo gizartea konformatzeko.
Ez du balio munduko lurralde gehienetan baino hobeto bizi garela jakitea. Beti nahi dogu gehiago. Bizitzaren legea da. Inoiz baino hobeto bizi gara, baina ez daukagu sentsazio edo irudipen hori. Inoiz baino baliabide hobeak dauzkagu hotzaren eta beroaren kontra. Inoiz baino hobeto jaten dogu. Inoiz baino mediku hobeak dauzkagu geure osasuna zaintzeko. Lanerako inoizko baldintzarik hoberenak dauzkagu. Bidaiatzeko ere samurtasunak eta errestasunak. Etxeko butakatik munduko bazter guztiko berriak eta ekintzak ikusi eta gozatu bai, baina baita sufriarazi ere egiten digute. Besteen ezbeharrak guregan ere eragina dute.
Aldaketa harrigarriak ezagutzen ari gara, teknika mailan batez ere. Eta gaur eguneko haurrak eta gazteak ezagutuko duten bizitza, oraindik harrigarriagoa izango dela esaten dute jakintsuek, zientziak daraman martxa gero eta bizkorragoa dela ikusita. Hau horrela izango dela sinistea ez da zaila. Adin batera heldu garenok ere, aldaketa harrigarriak ezagutu ditugu geure bizitzan, eta datozenak oraindik harrigarriagoak izango direla ez dago zalantzan jartzerik.
Adimen artifiziala nagusituko dela esaten dute adituek. Bera izango dela gure bizitzaren jabe. Berak jakingo duela gure gorputzari buruz geure medikuek baino gehiago. Hala eta guztiz ere, deseroso eta kexu askorekin bizi da gaurko gizartea. Aldaketa guztiek moldaketa bat eskatzen dute gure aldetik, eta gehienetan, nahiz eta hoberako izan, horrek deserosotasuna ekartzen du. Gure egunetara arte, langile bat lan baten trebatzen zen, eta lanbide horretan jarraitzen zuen jubilatu arte. Hemendik aurrera, esaten dutenez, edozein langilek ia etengabe eguneratu beharko du bere jakinduria, zientziaren abiadurari egokituz.
Beste aldetik, asko hitz egiten da teknikaren ondorioz lanpostu asko galduko direla; robotak gizakia gero eta gehiago ordezkatzen duela. Urte batzuk pasatu dira horrelako esamesak, zurrumurruak entzuten hasi ginenetik.
Gaur egun ere, asko dira horrela pentsatzen dutenak. Baina oraingoz iragarpenak ez dira bete. Egia da robotak gero eta gehiago ordezkatzen ari direla gizakia, eta zer esanik ez iraganean ordezkatuko dituztenak zenbat izango dira. Horrek ez dauka atzera bueltarik. Jakintsu askoren esanetan, etorkizun ez hain urrutikoan makinak egingo dituzte gaur egungo lan gehienak,. Baina, orain arte, langabeziari buruz askok egin dituzten aurreikuspenak ez dira bete. Beste lan mota asko sortzen ari dira eta langabezia ez da gehitu. Azken baten, makinak beti egongo dira gizakiaren menpe, haren zerbitzurako.