Deskonektatu elektriketatik!
Argindarraren prezioko fakturak igotzen; enpresa elektrikoak aberasten, herritarrak pobretzen eta Espainiako Gobernua hau guztiau babesten. Gobernuek, politikariek, elektrikoek eta guztiek partekatzen dituzten interes ekonomikoek sortutako eta baimendutako iruzurraren aurrean gaude..
Argindarrarekin espekulatu eta manipulatzen dute merkatua, ura edo haizea bezalako ondasun publikoen bitartez. Oligopolioko enpresa handiek, Endesa, Iberdrola edota Naturgyk, milioi askoko irabaziak dituzte urtero, kontsumitzaileei dirua lapurtzen dien bitartean.
Eliteen eta gehiengo sozial eta herrikoien arteko pultsu baten aurrean gaude. Eta pultsu horretan katalanek, euskal herritarrek eta galiziarrek, fronte komun bat osatu dugu, oligopolio energetikoaren mehatxuen aurka, Espainiako Gobernuak iruzur elektrikoari egiturazko neurriekin aurre egiteko erakutsi duen borondate eta ekintza falta salatzeaz gain.
Espainiako Estatuarekiko dugun menpekotasun energetiko eta politikoa oztopo argi bat da gure herritarrak enpresek egiten dituzten gehiegikerietatik babesteko. Prezioei muga jartzea, arlo publikotik esku hartzea eta kontrolatzea eragozten digu horrek. Tarifa propioak, arau propioak, merkatu propioak eta, beraz, irtenbide propioak sortzea eragozten digu. Publikoa zena eta behar duena berreskuratzea galarazten digu.
Herritarron esku dago elektriken iruzurrarekin amaitzea eta bide horretan urrats garrantzitsua egingo dugu gaur. Elektrika handietatik deskonektatzeko deialdi kolektibora gonbidatzen zaituztegu. 22:00etatik 22:30era bitartean etxeko zein lantegiko argia amatatu eta balkoietatik, kaletik… zarata aterako dugu Lea-Artibain ere.
–Eneko Arrate eta Esti Arruti. Lea-Artibaiko EH Bilduren izenean.