Dolua eta doluminak
Dolua hutsunea da, iluna, isila eta sakona. Aurretik handik nabigatu ezean galdera sortzailea ere izan daiteke. Ezjakintasunak galderen sorrera bultzatzen du. Galerak dakartza galderak. Doluak itzaltzen du argia. Doluak behar du denbora, doluak behar du babesa, doluak behar du lan pertsonala eta doluak behar ditu besarkadak eta isiluneak. Doluak dakartza doluminak. Doluminak dira sendatzaileak. Doluminek urruntzen dituzte egunak iluntzen dituzten hodeiak eta hurkoen begiradak hurbildu.
Sarritan buruko kajoi preziatuan gordetzen ditudan bizipenak eta memoriak errepasatzen ditut, txukun eta gordeta jarraitzen dutela ziurtatzeko. Sentimenduen nahastea sortzen dit horrek, oilo-ipurdia azalean, eta egunaren arabera irribarrez edo negarrez gogoratzen zaitut. Zure ahotsa, zure besarkaden gozotasuna eta zure izaera umoretsu hura ahazteak izutzen nau. Jada ez daukat aukerarik kajoia bizipen gehiagorekin betetzeko, baina memorian gordetzen duguna inoiz ez dela hilko diote.
Maiz galdetzen diot nire buruari ea seme-alaben ibilbidea jarraitzea posible duzun, ea gutaz harro jarraitzen duzun edo mundu berri horretan aukerarik baduzu gutaz gomutatzeko. Ezjakintasunak sentimenduen artean nabigatzea dakar, barre algaraz edo malkoz blai. Doluak dira bizitzaren zati, baina nola izan daiteke oso gutxi entzutea guztiontzat lagungarri izan daitezkeen aholkuen inguruan? Norbere minarekin egin beharrekoak jakin izango bagenitu, errazagoa izango litzateke bidean aurrera egitea. Norbere kabuz irtenbidea aurkitu eta urradura nola josi asmatu beharra besterik ez dut izan. Egia da ez dagoela josteko modu bakarra, bakoitzak bizitakoaren arabera modu batean ala bestean egin dezake, errezago edo zailago, laguntzarik gabe edo laguntzarekin, baina orokorrean esan daiteke isilean gordetzen dugula gai hau. Beste tabu bat.
Dolua hutsunea da, iluna, isila eta sakona. Hasieran denbora sendagarria dela diote eta hutsunea osatuko dela, baina egunak aurrera egin ahala konturatzen naiz jada hutsune hori nire parte dela eta ez dagoela hori betetzeko inolakorik. Horregatik ondo sendatzearen garrantzia. Gorabeherak ere prozesuaren oinarri dira. Damuek ere osatzen dute dolua, egun horretan eztabaida ez bagenu izango, azken aldiz besarkatuko banu edo azken aldiz maite zaitut esango banio, baina une batetik bestera argia itzali eta ez da aukera gehiagorik gelditzen.
Bihar ere kajoian gordetzen dudanari begirada bat emango diot, nirekin jarraitzen duzula ziurtatzeko.
Noizbait elkartuko garelakoan,