Edertasunaz
Edertasuna perfume-iragarki baten gotortu dogu: objektu soil bihurtu. Edertasuna. Hain da handia, eta, era berean, esangura sakoneko berbea… Geure mundu honetan, baina, atxilotua dago; itxurakeriaren, erakutsi beharraren nahiz azalkeriaren esanetara saldu dogu. Horrenbeste gorputz nahiz arpegi eder ikusi doguz hamaikatxu iragarkitan, edertasun hitza emakumezko edo gizonezko baten liraintasun eta perfekzino fisikoagaz lotzen dogu gehienetan. Ganera, sarri –sarriegi– erabilten dogu edertasun hitza inteligentziaren edo nortasunaren kontrakoa balitz lez.
Edertasun hitza ostu egin deuskue. Eta egonezina, tristezia zein auzolotsea sentitzen dot, guk geuk lapurtzen itxi deutsegu eta. Daborduko, zuztarretan dagoana ikustea ezinezkoa subertetan jaku, geure begiek saldu deuskuen munstro faltsu horri baino ez deutsielako erreparatzen. Goiz zein gaba defendatzen dogun ustezko edertasun hori perfektutzat merke(egi) erosi dogun idealizazino antzu eta higuingarri bat baino ez da. Halaber, azaleko zeozer balitz modura erabiltera kondenau dogu: gimnasio baten landu nahiz perfumeria baten erosi leitekeen kontua bailitzan. Egoerea hain da larria, bene-benetako edertasuna ahazteko puntuan gagoz, nahiz eta bizi ahal izateko guztiz beharrezkoa dogun. Bai, gizakiok edertasuna behar dogu bizirauteko. Izan be, edertasunak eragiten deuskun hunkidurea edo emozinoa zeharo derrigorrezkoa jaku mundua hobeto ulertzeko.
Ganoraz eta maitasunez eginiko lan batek sorrarazoten daben edertasuna behar dogu, egia hurrago sentiarazoten deuskun artearen edertasuna, lekutik mobidu barik bidaiatzeko aukerea emoten deuskun abestiarena, sentiberatasuna bide hartuta eta forma zein edukinaren arteko nahasketa bikainaren bitartez fikzinozko obra onek eskeintzen deuskuen edertasuna, nondik gatozen hobeto konprenitzen laguntzen deuskuen artelanena, alkartasun keinu konplize batek edo begirada samur batek bere baitan gordeten daben edertasuna…
Edertasuna polita dan edozerregaz nahastetan dogu: gure etxeko hormakaz edo gure zapatilakaz dotore konbinetan daben horreri deitzen deutsagu eder. Baina, dana dala, edertasuna –benetako edertasuna– mingarria be izan daiteke maiz. Esango neuke, hain zuzen be, deseroso sentidu eragiten deuskun artelanak gordeten dabela egia gehien, eta ezin dogu ezelan be ahaztu edertasuna egiara hurreratzeko modu bat dala.
Azken baten, edertasuna behar dogu, bizitzeko osagarri funtsezkoa da. Baina mundu honetan gauzak sortzen dabeen diru kopuruagatik baino ez doguz baloretan, eta panorama honetan edertasuna bortxatu eta bazter itxi ohi dogu, gitxietsi. Hori gitxi ez, eta bahitu egiten dogu, doinu frantsesa eta izen erakargarria daukan perfume-iragarki baten salgai jartzeko. Geure edertasuna izan gura geunkeenaren esperpentua baino ez da. Geure antonimo iluna.