Egia eta aniztasuna
Gaur egungo gizartean egia korrespondentzia bezala hartu ohi dugu. Hau da, norbaitek zerbaiten inguruan duen teoria egia bada, teoria eta gauza horren artean bat-bateko korrespondentzia dagoela ulertzen dugu.
Pentsalari askok proposatu dutenaren ildotik, kasu askotan egia korrespondentziatzat hartzea mingarria dela argudiatzera nator, batez ere absolutua dela ulertzen dugulako, eta, hortaz, pluralismoaren aurkakoa.
Has gaitezen ondoko proposamenarekin: egia eta korrespondentziaren arteko lotura bat-batekoa izan beharrean askoz ere konplexuagoa da. Esaterako, Osakidetzak orohar aplikatu ohi dituen medikuntza printzipioak «egia» dirudite gehienetan, diagnosi eta tratamendu egokiak aurkitzea ahalbidetzen dutelako. Baina txinatar medikuntzak ere, nahiz eta guztiz desberdina izan Osakidetzak aplikatzen duenarengandik, emaitza onak ematen ditu. Mendebaldeko kulturak hamarkadak behar izan ditu hau onartzeko; bada, egia korrespondentzia zela pentsatzeak, giza gorputzaren gaineko egia osoa geneukala sinistera eraman gaitu.
Zenbait autorek garrantzitsutzat jotzen dute errealitatea guk berarekiko dauzkagun teoriak baino askoz ere konplexuagoa dela azpimarratzeak. Mendebaldeko medikuntzak giza gorputzarekiko duen ulermena, bere entzima, birus, zelula eta bakteriekin gorputzaren zenbait dimentsioekin bat egiten badu ere, txinatarrek oinarritzat hartzen dituzten yin, yang, ch’i eta chakra-k bestelako dimentsio batzuk dituzte kontuan.
Dimentsio desberdinak eta anitzak kontuan izateak, ziur aski egia bat baino gehiagora eraman gaitzake. Eta egiok elkarren bateragarri, osagarri edota aberasgarri izan daitezke, kasu askotan. Horretarako ezinbestekotzat ikusten dut elkar ezagutzea zein elkar ulertzea, desberdinak eta agian ikuspuntu hauek kontrakoak direla ulertuta, bata bestearekiko kontaktua eten beharrean. Eta pauso bat haratago joanda: elkar eragitea desiragarria eta aproposa dela onartzen badugu, egia biak elkar ukitzeko edo eraldatzeko bezalako entzumena eta jarrera eskaini behar diote elkarri.
Ez naiz hemen bien arteko negoziazioaz ari aurrekoak baino egiagotzat hartzen dugun egia bateratu berri bat proposatu ahal izateko. Negoziazio edo adostasuna bilatzen duen elkarrizketak ez du aipatzen ari naizen zabaltasuna eta bestearekiko jarrera irekia ahalbidetzen, eta, garrantzitsuagoa dena: ez du aniztasuna eta pluralismoa besarkatzen.
Hortaz, mundu anitza nahi baldin badugu, ezin dugu egia korrespondentziatzat hartu.