Egunean behin
Bai, neu ere engantxatu naiz. Gauerdia heltzeko desiatzen egoten naiz aplikazioan sartu, etxean minutuko isilunea eskatu eta 10 galdera ahalik arinen erantzuteko. Oraindik Egunean Behin ezagutzen ez duzuenontzat: telefono mugikorretarako aplikazio bat da. Egunero partida bat jokatzen da eta 10 galdera erantzun behar dira ahalik eta denbora gutxienean. Galderak, denetarikoak: Zein da argazkiko herria? Nor da abeslari hau? Non dago Aiztogile kalea? eta antzekoak. Asmatutako galdera kopuruaren eta erabilitako denboraren arabera, puntuazio bat lortzen da eta sailkapena egiten da. Sailkapen orokorra dago, jokalari guztiena, eta beste bat norberak dituen taldeetan daukazuna.
Berezitasun handi bat dauka jokoak: Euskal Herria da erreferentzia eta euskaratik eta euskaraz pentsatua da. Normala behar luke horrek, baina zoritxarrez salbuespen dira horrelakoak gure herri txiki eta hizkuntza gutxituan.
Momentu honetan 15.373 lagunek jokatzen dute egunero (ez al ginen 600.000 euskaldun?) eta bakoitzak bere taldeak dauzka. Nik, adibidez, kuadrillakoa, lanekoena, familiakoa, bertso eskolakoa… Guztira 7 taldetan parte hartzen dut. Aitzakia ederra da egunero lehia sanoa sortu, lehenengo nor doan ikustera sartu eta, zergatik ez, tragoren bat irabazteko. Herri batzuetan talde handiagoak ere sortu dituzte: aurreko denboraldian talderik handiena Ea-Natxitua-Bedaru izan omen zen. Zorionak, hemendik!
Gure Euskal Herri eta euskara honek behar ditu horrelakoak, erreferentzia bakarra gure mundua izango den ekimenak. Nik, behintzat, gero eta gehiago sentitzen ditut beharrezko. Beraz zorionak CodeSyntax enpresa sortzaileari, eta egunero-egunero taldekide sentitzen zaituztedan 15.000 lagun baino gehiagori. Nire poz eta min zarete egunean behin minutu batez. Bide batez, gaur 9 erantzun ditut ondo, eta zuk?