EKIDIN EZINAK
Hauxe dut nire lehenengo zutabea Hitzan. Zaila zait horri izkin eginda idazten hastea. Tokiko komunikabideek behetik gora kontatzen dute mundua, eta kontatzen duten heinean, sortu ere egiten dute. Eraikuntza errotua da, eta errotua izateagatik irauten du. Errotua izateagatik iristen da. Harro izango naiz, beraz, proiektu honen parte.
Aitortu beharra daukat nik ere izan dudala iruzurtiaren sindromea. Ez da maila ez ematearen kezkagatik, feminista askok erakutsi baitigute mediokritatea ere izan litekeela gure eremu. Autoboikotetik boikoteatzaileen boikotera igaro behar garela. Ezin alboratu idatzi izan ditudala beste artikulu bakan batzuk ere. Ukatzea tranpa egitea litzateke, segurtasuna ez baita hala nola eskuratzen.
Iruzurtiaren sindromea, nire kasuan, bertakoa izan baina bertan ez bizitzeagatik da. Nahiz eta sexilioa (ere) ez den hautu askea izaten. Iritzia soilik erdi-errotua izan litekeenaren konplexutik datorkit ardura. Agian, hartutako konpromisoa eskualdearekiko sentitzen dudan zorra kitatzeko ahalegina ere izan liteke. Autoterapia. Jatorriak jatorri, hortxe joango da, pare bat hilabetean behin, ekarpen baten saiakera.
Ekidin ezin izan dudan sarreratik, ekidin ezin izan dudan gaira pasatuko naiz. Martxoaren 8aren bezperarako tokatu zait nire lehenengo artikulua. Kasualitatea? Ez dut uste. Egingo nioke gaiari izkin, azken asteetan ez baitut (baitugu) besterik izan militante feministok. Hala ere, aukera oro aprobetxatu behar misoginiaren, feminismoa sozialismoari azpiratzeko ahaleginaren, pobrezia feminizatuaren eta zaintzaren pribatizazioaren aurka egiteko. Migrazio politikak eta transfobia salatzeko.
Aurten ere martxoaren 8an kaleak hartuko ditugu, faxismoaren aurka ausardia eta aliantza feministak aldarrikatuz. Emantzipazio guztien alde, mundu ederragoen eraikuntzan murgilduta gaudenok.
Edertasuna, ordea, ez da lotu behar pazifikotasunarekin. Ez dut feminista buenistaren paperik hartzeko asmorik; ez gaur, ezta hurrengo hilabeteetan ere. Feminismoaren sentimentalizazio oro ekidin beharrekoa delakoan nago. Feminismoa politika da. Feminismoa gatazka da. Haizea hartzera bidaliko nituzke sozialismoak burgesia eta langileok aurrez aurre jarri, baina feminismoak guztiok elkartzen gaituela errepikatzen dutenak: emakumeak eta gizonak, eskuineko eta ezkerreko alderdi politikoak.
Feminismoa ez da mundu guztiarentzat ona, batzuen boteretzeak besteen desboteretzea esan nahi baitu. Kontrakoa esatea menderakuntzaren adierazpena da.
Aurkezpen karta gisa gelditu zait artikulua. Hurrengo hilabeteetan lokatzetara sartzeko prest nago, beraz. Bitartartean, bestelako eztabaida-plazetan aurkituko dugu elkar.