Elkarlanean etorkizuna argiztatzen
Duela urte eta erdi, bi aldiz pentsatu barik, Lea Ibarreko Energia Berriztagarrien Komunitateko (Leargi) bazkide egitea erabaki genuen etxean. Proiektuan buru-belarri lanean zebiltzan bi aulestiarrek aurkeztu ziguten egitasmoa Ilunzar tabernan. Zelako garrantzitsuak diren Aulestirentzat Ilunzar, Ubilla, Ainhoaren denda, Ibegrafik edota Loliren ileapaindegia. Herritarron elkargune, zaintzagune eta ospatzeko gune dira komertzio txiki horiek.
Garai hartan oraindik sortzeko prozesuan zegoen Leargi, eta elkarbizitza komunitario burujabeen onuretan itsu-itsu sinesten duten zenbait leatarren ametsa gaur egun egi bihurtu da; Leargi sortuta eta martxan dago. Herritik herriarentzat sortutako proiektu herritarra da Leargi. Irabazi asmorik gabeko kooperatiba da Leargi. Energia trantsizioa burujabetza ikuspuntu batetik sustatu nahi du Leargik. Komunitatearen jabe diren leatarren lan boluntarioan oinarritzen da Leargi.
Bazkide egitea erabaki genuenean, gehienbat proiektuaren izaera komunitarioak eta sozialak konbentzitu gintuen. Lea Ibarreko herri txikien kohesiorako proiektu ezin hobea iruditu zitzaigun. Talde zaurgarriak eta baztertuak integratzeko ideia bikaina iruditu zitzaigun, eta komunitatearen bizi-kalitatea hobetzeko helburuak gustatu zitzaizkigun.
Proiektuan geu ere hasierako pausoak eman zituztenen antzera inplikazio osoz murgildu gara, eta ez gara inondik inora damutzen. 18 bat hilabetez, hilean behin, kooperatibako 15 lagun Gizaburuko Udaleko Batzar Gelan biltzen aritu gara. Eztabaidatzen aritu gara. Elkar entzuten aritu gara. Konplizitateak sortzen aritu gara. Komunitatea definitzen aritu gara. Aske aritu gara. Gogotsu aritu gara. Ilusioz aritu gara, eta hori guztia bost udalen eta mankomunitatearen babesarekin.
Heldu da lehenengo proiektuak egiten hasteko garaia. 2024. urtea bukatu aurretik herrietako teilatuetan autokontsumorako plaka fotoboltaikoen instalazioak eraikitzen hasiko gara. Hasieran aipatu dizkizuedan abantailez gain, lehenengo proiektu horien bidez, bazkide kontsumitzaileek argiaren fakturan ere aurrezpena izango dute; zenbat eta autokontsumo gehiago egin, eta zenbat eta argindarraren prezioa altuagoa izan, onura ekonomikoak handiagoak izango dira.
Maiatzaren 31ra arte bazkide egiteko aukera izango duzu. Bazkide kopuru osoa jakinda, eta horiek daukaten kontsumoa ezagututa, instalazioen tamainak eta kokapenak definituko ditugu, eta bazkide bakoitzari behar duen energia esleituko zaio instalazio bakoitzetik.
Informazio gehiago nahi baduzue, etorri zaitezte bost herrietako plazetan ostiral arratsaldeetan antolatuko ditugun informazio mahaietara. Adibidez, Aulestin gaur eta maiatzaren 10ean eta 24an plazan egongo gara 18:30etik 19:30era.
Animatu eta egin zaitez bazkide. Elkarlanean etorkizuna argiztatzea errazagoa izango baita.