Erregaluak Bilbora? Hoba ez
Egun gutxi eta Olentzerok edo Errege Magoek edo Olentzerok eta Errege Magoek opariz beteko digute bazterren bat etxean.
Baina jakin badakigu, horretarako lan egin behar izan duena. Bat edo batek aholku zorrotz eta onak eman behar dizkio punteria onaz harritu eta poztu gaituen sorpresaren bat jaso dezagun. Nire etxean seme gaztea eta andrea horretakoak dira. Gero ni eta seme nagusia gaude, sorpresetarako balio handi bakoak. Ez dakigu zer konta Olentzero edo Mari Domingi edo Meltxor edo Baltasar edo Gasparreri. Gutun-azal batean euro batzuk… nahiago ez (seme nagusi kottauak lar be ezingo luke sartu).
Ikeak, Cortingleseko, Declatoneko edo Porumek aukera ederra ematen digute: joan, berari eman sobreko euro horiena eta arbolapean txartel politak ager litezke.
Gernika, Markina, Ondarru, Bermio, Mutriku… ezin ote gaitezke batu opari-txartelok arbolapetik Bilboaldera gu ez bidaltzeko. Batedobatek herrian bertan gasta lezake; eta beste batzuk, opariaren aitzakian, joan gintezke gastua hurreko-lekutako herrietara egitera. Normalean zapaltzen ez ditugun hurreko herri horietara. Erregalua litzateke, nik uste, hartzen dugunontzat eta baita ere gure inguruko dendariontzat.
Datorren urterako animauko ete zarie, Busturialdea, Lea-Artibai eta Mutrikuko merkatariok? Zuontzat eta guretzat mesede. Olentzero, Mari Domingi, Baltasar, Gaspar eta Meltxorrentzat ere bai.