Errespetua
Ez dago hausnarketa sakonik egin beharrik gauzak ongi egiten ari ez garela konturatzeko.
Birusa geroz eta indartsuago dagoen honetan (ta ez da lehenengo aldia tamalez), gizakiok badugula edatze azkar honen erruaren zati handi bat deritzot.
Pertsonak normalean oso kexatiak gara eta izango gara gure bizitzan zehar (ni neu lehena). Eskatzen ere oso trebeak eta ausartak gara betidanik.
Baina arazoak, guri oso gauza serioak eskatzen dizkiguten momentuan, kasu handiegirik ez dugula egiten ikustean sortzen dira!
Laupabost aholku argi eta ez hain zail eskatu dizkigute, eta orokorrean ez garela aholku hoiek ongi betetzen ari argi ikusi daiteke. Arazoa, baina, ez da ezin ditugula arau horiek bete, EZ DUGULA NAHI BAIZIK!!!!!!
Izugarrizko axolagabekeriak egunero eta momentuoro ikus ditzakegu!!!
Uda da eta denok nahi dugu gozatu eta ondo pasa. Denok nahi dugu oporretara joan, denok nahi dugu lagunekin afaldu eta parrandaren bat egin, denok nahi ditugu familiako bazkariak egin, denok nahi dugu hondartzara joan…
Ni ez naiz inor inori aholkuak emateko eta gutxiago zer egin daitekeen eta zer ez esateko (nik ere gauza asko gaizki egingo baititut). Bakoitzak badu edo eduki beharko luke ahalmen eta errespontsabilitate hori.
Baina benetako bihotzeko mina eta tristura izugarria sortzen didana da gure aitona-amonak eta gurasoak ez errespetatzea. Beraiei erasotzen baitie larrien birus nazkagarri honek.
Guk ez baditugu neurri egokiak hartzen (orain oso argi gertatzen ari den moduan), beraiek izango dira gehien sufrituko dutenak (nahiz eta denok egon arriskuan).
Guri dena eman diguten guraso eta aitona-amonek!!!
Gu aurrera ateratzeko egin duten esfortzu eta sakrifizio guztiak horrela eskertu nahi dizkiegu??? Hori merezi dute??? Beraiek gure lekuan egon izan balira, ez lukete gugatik zerbait gehiago egingo??? Orain arte, ahal dutena eta gehiago ez dute eman guregatik??? Nork maite izan gaitu eta izango gaitu gehiago beraiek baino??? Zer ginateke gu beraiek gabe???
Gure jarrera beraiekiko ez zait iruditzen bat ere justua, zintzoa, zentzuduna….., BEREKOIA OSO baizik !!!!
Beraz, berandu izan baino lehen, zaindu eta errespetatu ditzagun albokoak, auzokoak, lanekoak, herritarrak, atzerritarrak, lagunak, familiakoak, gure moduan pentsatzen ez dutenak… eman dizkiguten arau eta aholkuak ongi betez.
Baina batez ere, ZAINDU ETA ERRESPETATU DITZAGUN GURE GURASO ETA AITONA-AMONAK, duda izpirik gabe, hori eta askoz gehiago merezi baitute.
Bizi dugun momentu zail eta nahasi hauetan, beraientzat omenaldirik polit eta ARDURATSUENA hori litzateke denon partetik.
–Gorka Badiola. Ondarroa.