Eskizofrenia, politika, aukera, itxaropena?
Egun gutxi pasatu dira Bilbon eta Baionan milaka pertsona izan ziren Orain presoak lelopean egindako bi manifestaziotatik. Beste milaka arrazoi ezberdinengatik bertan izan ez baina eskakizun horrekin bat datozenak ere badira. Urteroko manifa esango dute batzuk garrantzia kendu guran, errito bat bihurtu izan balitz bezala. Eta, izan, bada errito antzeko bat, baina beste errito edo erritual askorekin gertatzen ez den bezala, amaitzeko desiatzen gauden erritua da.
Bada honek ez duela ezertarako balio esaten duenik, joaten den jendearen bultzatzeko asmoa asetzeko eta senideei elkartasun keinu erraldoi bat egiteko besterik ez dela. Hala balitz ere, elkartasun keinu erraldoi horrek senideen zama minutu batez goxotzea lortuko balu, mereziko luke egiteak.
Aurtengoak eskizofrenia puntu bat ere izan du. Izan ere, manifestazioarekin bat egin zuen alderdi politiko bat, manifestazioa egin eta bi egunetara Madrilgo Gobernuan kargua hartzen zegoen hainbat ministerio bere eskuetan izanik.
Eskizofrenia, Madrilgo Gobernua bera delako presoak dituen bezala dituena, espetxe ezberdinetan sakabanatuta, Euskal Herritik urrun kasu gehienetan, bizi baldintza kaxkarretan, legez kalean beharko luketen hamarnaka preso oraindik espetxean mantenduz (direla gaixoak, direla zigorraren gehiena bete dutenak, direla Frantzian zigorra bete dutenak).
Hala da politika, baina, bere eskizofrenia puntua ere izaten du, egun batean hau esan, biharamunean kontrakoa egin, eta hirugarrenean ez bat ez beste ez dena defenditu.
Aukera bezala ikusi gurako nuke larunbateko egoera eskizofreniko hori, itxaropenari zirrikitu bat irekiko dion itxaropena eta aukera.
Bide luzea dugu soinean, aukera eta itxaropen hori injenuitateaz nahasteko. Ezer ez da aldatuko eta berehala kalean izango ditugula uste dutenen arteko aukera eta itxaropena gorpuzten joatea beharko genuke.
Berriki Sareko ordezkariek esan duten bezala, Gasteiz, Iruñea eta Baionako erabakiek berez eta bakarrik ez dute indarrik, zoritxarrez erabaki guneak beste toki batean daude eta. Baina behingoagatik, ea ahal dugun.