Esperantzara kondenatuak
Duela hiruzpalau aste egin behar dugu denboran zehar atzera. Eklipse eguna erretratatu nahi dut gaurkoan, ahaztu ez dezadan, egunerokotasunak lilura itzali ez dezan. Plan analogikoa iruditu zitzaidan eta naturarekin harremana berreskuratzeko aitzaki ezin hobea.
Hasiera batean ez nuen esperantzarik plan hau egiteko. %100a Ondarru inguruan ikusiko ez zela eta, merezi ez zuela uste zuen horietako bat nintzen. Osorik edo ezer ez. Joera apur bat muturrekoa iruditu bazaizu ere, sinetsi nazazu, ohikoa da nigan.
Ohituta nago planak bakarrik egitera. Gustoko dut bakarrik denbora igarotzea. Behar izaten ditudan momentuak dira. Ez zen hori arazoa. Erabakia hartuta nuela, kuadrilako taldetik idatzi zuten planik egingo bagenuen, ea zer asmo geneukan.
Bizitzan gogoratuko dudan erabaki on horietako bat da hurrengoa. Whatsapp taldean idatzi nuen ea norbait animatzen zen. Eta a ze zortea nirea, lagun bat animatu baitzen. Hasieran kotxean igoko ginela pentsatu nuen, baina biok kotxerik ez eta oinez igo ginen. Horrek jada esperientziari kutsu berezi bat eman ziola onartu behar dut, hasieran nire desioa lagunak kotxea ekar zezan bazen ere.
Bidean, hizketan, gustora ibili ginen. Erlojua etxean utzi nuen estreinakoz eta horrek biziki orainarekin gozatzen utzi zidan. Ez zion axola hamar edo hamabost kilometro egiten bagenituen, astiro, motel edo korrika egiten bagenuen.
Mendi lasterketak ikustea gustoko dut. Hala ere, nire bihotz taupaden frekuentzia ez dut gustoko Asterrikarako errepidean dagoen aldapa igotzen dudanean. Eta hortaz, lagunari esan nion ea beste bide bat har genezakeen. Lagunekin konfiantza hori izatea, bereziki eskertzen dudan zerbait da.
Behin igota, eklipsea begistatzeko leku aproposaren bila ibili ginen. Eta ordu t’erdiz, betaurrekoak jantzita eta eklipsean murgilduta igaro genituen. Gure sorpresarako, apenas ez zebilen jenderik eta horrek esperientziaz gehiago gozatzea ahalbidetu zigun. Gure eskuinetara, ezagunak suertatu zitzaizkigun aurpegiak. Herriko familia bat. Gurasoak eta alaba. Ezkerretara, bikote bat. Bizitza osoa batera daramatzan horietako bat ziruditen.
Aurretiaz aipatu bezala, oso zorrotza naiz, bai neure buruarekin zein arauak betetzearen kontuarekin. Apenas ez genituen betaurrekoak kendu, bakarrik ingurua nola iluntzen zebilen begistatzeko. Gogoan dut giroa dexente freskatu zuela baina ez zion axola: hipnotizatuta geuden nolabait. Adi, arreta guztia jarrita, zentzumenak prest, mugikorra itzalita.
Iluntasun osteko momentuekin geratzen naiz ni. Lilura aurpegiekin. Momentu batean pandemian zortziretan medikuak txalotzera irtetzen ginen esker on berarekin, pandemia ostean kalera atera ginen ilusio berbera gogoraraziz.
Ilargiak eguzkia estali bazuen ere, ez dezala gure egunerokotasun frenetikoak lilura hau itzaltzen utzi. Irribarrea ahoan, sinistu ezinik, eskerrak emanez hartutako erabakiari. Mugikorrak momentua argazkian islatzeko gaitasunik ez duen bezalaxe, nik neuk ere ez ditut berba egokiak bilatzen egun hartan bizi izan nuena azaleratzeko. Hortaz, hemen nire saiakera, etorkizunean irakurri eta gogorarazi dezadan.