Euskal emakume musikarien loraldia
Musikak eta kulturak orokorrean astindu handia hartu zuten pandemia garaian (beste sektore askok bezala). Urte zailak izan dira sortzaile eta kulturgileentzat orokorrean. Ekitaldi guztiak bertan behera geratu ziren, eta Euskal Herriko musikari, abeslari asko lanik gabe geratu denbora luzez. Baina etxetik irten gabe egote horrek gauza on bat edo beste ere ekarri du. Adibidez, pertsona batzuen inspirazioa ere izan da. Kantu ederrak sortu dira entzierru hortatik eta baita musikari, abeslari berriak ere. Eta horietako asko EMAKUMEAK.
Pandemia aurretik hasiak ziren loratzen euskal emakume musikari berriak. Musikak hainbeste urtean bizi izan duen maskulinitatearen amaiera dela esatea gehiegikeria dela esango nuke, baina euskal panorama musikalean gero eta emakume gehiago daude, eta emakume bakarlari asko! Emakumea behar den lekua hartzen ari da euskal musikagintzan, eta ikusi besterik ez da egin behar, sortzen eta animatzen ari diren emakume musikari artista berriak.
Loraldi honen gauzarik ederrena da emakume guzti hauek elkar zelan laguntzen duten ikustea. Nola elkarrekin bat egiten duten abesti ezberdinetan
60ko hamarkadan, Lourdes Iriondo hasi zen euskal kantugintzan, Ez dok Amairu taldean. Beste izen batzuen artean, Benito Lertxundi, Joxean Artze eta Mikel Laboaren alboan aritu zen. Orduan ez ziren euskal emakume musikari asko…
Ordutik hona, berriz, badira euskal musikaren esparru ezberdinetan jardun diren eta jarduten jarraitzen duten emakumeak, gaur egun erreferente bihurtu direnak; Amaia Zubiria, Sorkun, Aiora Renteria, Alaitz eta Maider, Maixa eta Ixiar, Anari, Ines Osinaga, Ane Bastida, Afrika Bibang, Zuriñe Hidalgo, Zaloa Urain eta beste batzuk… Geroago heldu zen Izaro Andres bakarlaria, eta hortik aurrera jaio dira beste artista bakarlari zoragarri asko Euskal Herrian: Olatz Salvador, Sara Zozaya, Idoia Asurmendi, Olaia Inziarte, Esti Markez, Kai Nakai, Süne (Josune Arakistain), Sara Azurza, Leire Letu, JMartina, Maria Rivero, Deñe edo hasi berriak diren Eire taldeko neskak, beste askoren artean.
Eta loraldi honen gauzarik ederrena da emakume guzti hauek elkar zelan laguntzen duten ikustea. Nola elkarrekin bat egiten duten abesti ezberdinetan eta zelako mezuak zabaltzen dituzten beraien abestiei esker. Letra onak, kontzeptualak, kalitatezko musika egiten dute.
Emakumeak ahalduntzen hasita gaude, eta hori hasten doa bizitzako esparru guztietan, zorionekoa da musikan ere hori gertatzen dela ikustea! Hori bai, ezin gara erlaxatu inoiz, oraindik bide handia daukagu berdintasuna lortu arte, eta emakume gehiago oholtza gainean ikustea lortu arte. Baina hortxe egongo gara beti tinko! Gora emakume musikari euskaldunak! Gora emakume musikari euskaldunen loraldia!