Euskaldunak gara edo euskalduna naiz?
Baliteke historialariren bat edo beste baieztapen honekin haserretzea, baina nire ustez deigarria da; garaian garaiko kantuen letrak eta mezuak aztertzean testuinguru zehatz horretako pentsamendu sozial eta politikoa zein ziren ondorioztatu daitekeela, kantuak gizartearen islada direlako. Izan ere, ideologia eta pentsamendu bateratuek osatzen dute gizartea, eta kultura gizarte horren nortasunaren erakusle da. Orduan, hirurogeita hamargarren hamarkadatik gaur egun arteko kantuen letrak aztertzen baditugu, gizartea zer-nola aldatu den ondorioztatu genezake. Alderdi batzuetan hobera egin dugu; esaterako, egun emakume sortzaile gehiago daude eta letrak feministagoak dira; baina, beste alderdi batzuten okerrera egin dugu; gizartea gero eta indibidualistagoa da.
Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak kantuan kutsu kolektibista nabaria da, hau da, norbanakoaren interesen gainetik jartzen dira sozietatearen interesak. Norbanakoaren nortasuna kolektiboak ematen duelako, ez da «ni naiz» bat, «gu gara» bat baizik; «bakoitzak urraturik berea, denon artean geurea», «batek goserikan diraueno ez gara gu asetuko, beste bat loturik deino ez gara libre izango». Gauza bera gertatzen da Pantxoa eta Peiok ekoiztutako eta Telesforo Monzonek idatzitako Lepoan hartu ta segi aurrera kantuan. Kantu honetan «gu» gailentzen da «ni»-ren gainetik; «Mutilak, eskuak elkar gurutza, ekin ta bultza denok batera! Bidean anaia erortzen bazaik, lepoan hartu ta segi aurrera!». Aitortu beharra dago, azken honetan oso nabaria dela betaurreko moreen falta. Kolektibismoaren inguruan hitz egitean ezin atzean utzi Eñaut Elorrietaren proiektuetako letrak; Itsasoa gara kantuan esaterako.
Egungo taldeen letrak aztertuz gero, ordea, zantzu indibidualista nabariagoa da eta askatasun indibidualistaren letragile nagusia Gatibuko Alex Sardui da; Libre naz kantuan agerikoa da «gu»-aren gainetik jartzen dela «ni»-a, eta gauza bera gertatzen da Ez naz makurtuko abestian; «hauxe naz ni, eta gustoko ez banozu, jodidu zaitez!». Gatibu ez da adibide bakarra, Dupla taldearen Nahi dudana izango naiz kantua ere adibide bikaina da. Nire ikuspuntu guztiz subjektibotik joera nabaria da, askatasun kolektibotik askatasun indibidualistara igarotzen ari gara, eta erne, ez diot artista hauen letrek eragin dutela gizarte indibidualista bat, alderantziz, gizarte indibidualistaren ondorio dira letra hauek, baina elkarreragina ukaezina da; gizarte indibidualistak letra indibidualistak eragiten ditu eta letra indibidualistek joera indibidualistakoak eragiten dituzte. Globalizazioaren eragina da hau, joera anglo-saxoia —joera indibidualista eta neoliberala— gure mundu-ikuskera jaten ari da, gero ta ezberdintasun gutxiago dago Lekeitioko gazte baten pentsamenduaren eta Californiako gazte baten pentsamenduaren artean, eta, horrek, asko beldurtzen nau.
Zutabea bukatu baino lehen, aipamen berezi bat egin beharrean nago, izan ere, esperantza sortzen dit; Lide Hernandok Liher proektuan egin zuen Hemen herensugeak daude diskoa. Hamar kantuz osatzen da eta modu kronologikoan entzun behar da kantuek osatzen duten istorioaz jabetzeko. Diskoan «gu»-a gailentzen da, baina «gu feminista» gazteleraz «nosotras» izango litzatekeena eta bertan hainbat gairen tartean ahizpatasunaren inguruan hitz egite du. Hirurogeita hamar eta laurogeiko hamarkadetan bezala hemen nabaria da ñabardura kolektibista, baina aurrekoetan ez bezala, hemen nabaria da baita ukitu feminista.