Euskaliptuak Austrial Herrira
Sute-arriskurik handieneko urte-sasoia da uda mina; urteko berorik handieneko aldia da, eta lau eta zazpi aste arteko iraupena izaten du, tokiaren arabera. Aste horietako egunak uda mineko egunak dira. Ipar hemisferioan, udako solstizioa gertatu eta aste batzuetara hasten da, uztailaren erdialdean.
Sasoi horretan hasten dira suaren irudiak albistegietan agertzen: mendiak kiskalita, herriak hustuta, suhiltzaileak lehertuta eta agintariak kezkatuta, zerutik etorritako madarikazio baten aurrean egongo bagina bezala. Klima-larrialdiak suteak gero eta bortitzagoak izateko baldintzak sortzen ditu, bai, baina sua pizteko baldintzak gure agintarien erabaki politikoen ondorio baino ez dira.
Gure mendietara begiratu eta berdea ikusten badugu ere, gutxitan esan dezakegu baso baten aurrean gaudela. Berdea ikuste hutsak naturan pentsarazten digu, baina zuhaitzez estalitako lursail oro ez da basoa, gari-soro bat larrea ez den modura. Ilara zuzenetan landatutako eukalipto eta pinuek ez dute basoa osatzen: industria-landaketak dira, urte gutxiren buruan moztu eta paper-pasta bihurtzeko lehengaia. Baso bizi eta askotarikoak kendu dira gure inguruetan, espezie bakarreko sail uniformeak jartzeko.
Ilara zuzen eta luze horiek ez dira, beraz, basoak; epe laburrean ahalik eta etekin gehien lortzeko diseinatutako monolaborantzak dira: plantazioak. Plantazio horien etekina esku pribatuetara badoa ere, kaltea guztion poltsikoetatik ordaintzen dugu: denon urak kontsumitzen dira, lurzoruak pobretzen dira eta higadura areagotzen da eta, sutea pizten denean, sua hedatzeko baldintza ezin hobeak sortzen dira.
Suteak prebenitzeko, ezinbestean hautsi behar dugu administrazioek urteetan diru laguntza publikoen bidez sustatu duten plantazio-politikarekin. Plantazio-politikatik basogintzara egin behar dugu salto: monolaborantzentzako diru laguntza publikoak amaitu, bertako baso mistoak berreskuratu, lur publikoak handitu eta baserritarren zein herri-ekimenen kudeaketa babestu behar dira.
Klima-aldaketa norbaitek mugikorrarekin grabatutako irudien bidez ikusten dugu azken bolada honetan: Valentziako uholdeak, Almeriako suteak… irudi horiek gero eta hurbilagotik iristen zaizkigu, harik eta, azkenean, grabatzen ari dena gu geu garen arte. Orduan, jada ez dago urruneko suteez hitz egiterik, ezta ezustekoez edo zoritxarrez hitz egiterik ere. Gure etxe ondoko mendia erretzen denean, agerian geratuko da urteetan eraiki den baso-eredua ere sutan dagoela. Ez dezagun sutearen osteko dolua kudeatu; sua baino lehenago erabaki dezagun.