Euskaltzaindia: herri gogoa, berri gogoa
Euskaltzaindiak ehun urte. Joandako aldiak bezalaxe, Euskaltzaindiaren etorkizunekoak ere eraikitzailea izan behar du euskararentzat. Azken ehun urteotan gizateriaren inoizko iraultza zientifiko eta teknologikorik handiena bizi izan dugu. Iraultza horrek gure pentsatzeko, komunikatzeko eta errealitateaz jabetzeko moduak aldatu ditu. Iraultza horren haritik hizkuntzak ere gizakiaren pentsaera, bizimolde eta premia berrietara egokitu dira. Euskara ere bai. Gizakiaren komunikazio premia berrietara moldatu eta egokitzetik datorkie hizkuntzei etengabeko aldaketa eta garapena, hitz bakarrean esanda, modernizazioa. Orain arteko iraultza teknologiko horrek ondorengo urteetan zein gizarte aldaketa ekarriko dizkigun ez dakigu baina, dakarrena dakarrela, euskararentzat ondorengo urteetako lehentasunek orain artekoen ildotik jarraitu behar dute. Komunikaziorako euskara ardatz izango duen gizartea eraiki behar dugu. Barre eta negar euskaraz egingo duten euskaldunekin osatutako gizartea eraiki behar dugu. Oroimenean gordetako bizipenak euskaraz dituzten euskaldunekin osatutako gizartea. Atsekabean barrua euskaraz hustuko duten euskaldunekin osatutako gizartea eta, atsegin betean, pozak eta alaitasunak euskaraz biziko dituen gizarte euskalduna izan behar dugu jomuga.
Euskara Batua da Euskaltzaindiak azken berrogeita hamar urteotan egin duen lanik garrantzitsuena eta erraldoiena. Orain berrogeita hamar urte euskara euskalki eta azpi euskalkitan zatikatuta egoteak ezinezkoa egiten zuen euskarazko irakaskuntzari heltzea, izan ere, ezinezkoa baitzen eskola liburuak euskalki guztietan argitaratzea eta irakasleak euskara guztietan trebatzea. Hizkuntza galbidetik garabidera ekartzeko ezinbestekoa zen euskararen estandarizazioa. Izan ere, estandarizazioarekin euskara gizartearen behar berrietara egokitu baitzen eta egokitzapen hori nahitaezkoa izan zuen euskarak bizirik irauteko. Aldatu ala hil, hori da hizkuntza ororen bizilegea.
Azken berrogeita hamar urteotan, batik bat eskolaren bidez, berebiziko zabalkundea izan du euskararen ezagutzak. Gaur egungo belaunaldi berriek euskaraz ikasi dute eta euskaraz ikasitakoarekin laneratzen dira. Gaur egungo lan munduak, ordea, salbuespenak salbuespen, erabat baztertzen du euskara. Belaunaldi berriak euskalduntzeko euskal gizarteak egiten duen ahalegina zapuztu egiten du lan munduak. Gizakiak historiaren sokan eratu dituen gizarte antolaketa guztiak lanean ardaztu ditu, bizidun den aldetik hortik lortu baitu asetzea elikatzeko duen beharrik funtsezkoena. Lana edo beharra du gizakiak bizirik irauteko funtsezko jardunbide edo bizibide. Gaur egungo gizartea lanean ardaztuta dago. Lanaren garrantzia gaur egungo estatu moderno guztietako legedietan aitortzen da, oinarrizko eta funtsezko giza-eskubide gisa. Gizakiak berezkoa du lana eta bere izanari, bere gizatasunari lotuta dago.
Azken berrogeita hamar urteotan euskara eskolan sartzea izan da euskalgintzaren erronka nagusia eta zalantza izpirik gabe ondorengo urteetako eginkizun nagusia euskara laneratzea izango da, ezinezkoa baita euskaldunez osatutako gizartean euskara gizarte horretako hizkuntza nagusi bihurtzea lanerako baliorik ez duen bitartean. Datozen bi hamarraldietako euskalgintzaren ekinbide nagusia bihurtu behar du lana euskaraz egiteak euskal gizarteko lan arlo guztietan. Horixe izan behar du euskalgintzaren apustu estrategikoa eta horretan Euskaltzaindiak bultzada eta laguntza handia eman dezake Jagon Sailetik, euskararen sustapenerako duen egituratik.
Euskaltzaindia herri gogotik sortutako erakundea da eta hor izan da beti euskararen historiako ekintzailetzan: ikastolen sorreran, euskalduntze-alfabetatzea antolatzen, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa aurrera eramaten, euskararen lehenengo gaitasun agiriak banatzen… eta zalantzarik ez dut euskarak lan arloa irabazteko dituen premiei erantzuten ere hor izango dugula Euskaltzaindia. Ekin eta jarrai.