Euskararen giharra bagara?
Lehengo egunean UEMAk Lea-Artibaiko hamaika eragile batu gintuen gure herrian. Ehun pertsona bueltan egon ginen Esperantza aretoan, euskararen geroaz hausnarrean. Izan ere, gure eskualdea euskerarentzat da munduarentzat Amazonia dena, arnasgune inportanteena; hori ez diot nik, horixe esan ziguten hausnarketa partekatu horretan. Lea-artibaitarrok, horrelako adierazpenen aurrean, irribarretxo harroa egiten dugu: jende hori benetan dabil esaten euskararen arnasgune nagusiena gu garela, eta ez, askok esperoko luketen moduan,
Gipuzkoako txoko txikiren bat. Baina adierazpen horrek badu bigarren zati bat, eta da gauden egoeran jarraitzen badugu, hamar urte barru ez dela horrela izango, ez garela maila horretako arnasgunea izango.
Egoerari buelta emateko erakundeen parte-hartzea beharko da, hori ez zuten zalantzan jartzen; baina gu han batzearen arrazoia beste bat zen. Han bildu gintuztenok gure esparruetan eragiteko konpromisoak hartu behar genituen, Amazonia hori zelan mantendu, eta ahal bada, zabaldu pentsatu behar genuen, bakoitzak beretik; arnasguneari giharra gehitu behar genion. Eta hitzaldiaren amaieran hausnarketa bizkorrak partekatzeko tartea zabaldu zuten. Hor, sorpresarik ez.
Konturatu barik hartzen dugu arnasa, esfortzurik egin barik. Baina orain eskatzen digutena da, hain zuzen ere, esfortzua, indarra, giharra, jartzea erdian eta euskara bultzatzea
Ispaster, Amoroto, Ondarroa, Lekeitio, Berriatua. Herri horietako jendeak hartu zuen mikrofonoa. Bakoitzak beretik, bakoitzak bere hausnarketak eta proposamenak jarri zituen mahai gainean. Gela horretan bageunden beste herrietako zenbait kide, tartean, nagusiki, markina-xemeindarrak. Berba bakarrik ere ez zen atera inoren ahotik, neuretik ere ez. Badirudi kresalak ez duela Plazakolatik honuzko biderik hartzen, falta zaigula txispa hori. Sintomatikoa da gure herrian geldik egote hori, baina mezua argia zen: euskararen geroa ziurtatzeko, mugitu, aritu, ekin egin behar dugu.
Ze, bai, oso ondo dago euskararen Amazonia izatea, baina arnasa natural egiten den zerbait da, konturatu barik hartzen dugu arnasa, esfortzurik egin barik. Baina orain eskatzen digutena da, hain zuzen ere, esfortzua, indarra, giharra, jartzea erdian eta euskara bultzatzea. Immobilismoari aurre egitea. Baina norbanako eta herri gisa konpromisoak eskatu dizkiguten honetan, euskara salbatzeko eta datorkigunari aurre egiteko, guretik ipini beharko dugu.