Euskaraz egitea aldarrikatzeko eguna
Joan da abenduaren 3a eta joan da Euskararen Eguna. Egun batez, lantegiek, erakundeek, ikastetxeek eta kaleek gogorarazi digute euskara zein ederra den, zaintzea gure esku dagoela eta hitz egiten den euskara dela euskararik onena. Egun batez eta gogorarazi.
12 urteko gaztetxo batzuekin nengoen aste batzuk lehenago Euskararen Egunerako ekintzak prestatzen. Ideia zaparrada eginez hasi ginen eta galdetu nien: «Zergatik daukagu Euskararen Eguna?». Hemen nire koadernoan batutakoak: «Jai delako», «Ospatu behar dugulako euskaldunak garela», «gure hizkuntza delako», «zaindu behar delako», «euskara polita delako», «jolastokian kantatzeko», «euskaraz egiteko»… Gaztetxoak dira eta etxean edo inguruan bizi dutenaren araberako erantzunak ematen dituzte. Baina adierazgarria egin zitzaidan, nahiz eta gaztetxoak izan, «eskubide» edo «aldarrikapen» berbak ez ateratzea, beste gai batzuekin eta gaztetxo berberekin ateratzen den bezala.
Lanean Euskal Herriko hainbat txokotako jendearekin ibiltzen naiz. Euskararen Eguna pasatuta, bakoitzak bere herrian egin zenaz berbetan egon ginen. Herri batean txokolatea jan zuten, beste herri batean baserritarrez jantzi eta txistorra jan, eta beste batean herri kirolak ikusi.
Orain arte ez nuen horrela sentitzen, baina gero eta grisago bizi dut Euskararen Eguna «ospatzeko» joera hori. Leku guztietan ez da berdina eta gauza asko ondo egiten direnaren dudarik ez daukat. Baina euskalgintzak urteetan landutakoa jaten eta gatzik gabeko bihurtzen doazenaren irudipena daukat. Pinak jantzi eta ahoak euskararen alde bete egun batez, biharamunean gaztelania hutsean ari diren berberek.
Ez dakit zenbateraino ari garen ondo egiten. Argi esaten al dugu egun horretan euskara hizkuntza zapaldua dela eta egunero urratzen digutela euskaraz berba egiteko eskubidea? Hori transmititzen al diegu gaztetxoei eta euskaratik hain hurrean ez dauden herritarrei?
Lander Arbelaitz kazetariari twitterren irakurri diot asteon gogoan daukala emakume feministak nola sutzen ziren Martxoaren 8a iritsi eta zorionak ematen zizkietenekin. Orain, Martxoaren 8a gero eta gehiago lortu da aldarrikapen politikoz betetzea «borroka egun eredugarria, lan askoren emaitza», Arbelaitzen esanetan.
Ez dakit euskararekin bide bera egin behar genuken edo ez, baina bideak probatzeak laguntzen du emaitzak topatzen. Eskubideak guztiz betetzen direnean egingo dugu ospakizun erraldoia euskaldunok. Bitartean segi euskara euskaraz aldarrikatzen urteko 365 egunetan.