Ezarrita dagoena kolokan jarri
Jakin badakizue soziokonstrukzionismoak edo harremanak erdigunean jartzen dituen ikuspegi honek, sortu dezakegun guztia harremanetatik eratortzen dela proposatzen duela. Baita sortu ditzakezkegun gauza, diskurtso, pentsamendu… desberdinak ez direla bata bestea baino zuzenagoak. Baliagarriak zaizkigun heinean erabili ohi ditugula, eta une zehatz batean gure esku dagoela amoraltzat edo txartzat jotzen duguna aldatzea.
Ikuspegi horretatik idazten ibili naiz azken hilabeteetan, betiere oso gonbidapen zabala egiten saiatuz, inongo posturarik epaitu nahi gabe eta aukerak zabaltzeko interesarekin.
Edozein kasutan, eguneroko bizitzan aukera posible asko baditugu ere, beti baten bat hartzen dugu. Hau da, zerbaitengatik erabakitzen gara, beste posibilitateak alde batera utziz, hartutakoa agian zuzenagoa ez izan arren, erabilgarriagoa edo egokiagoa ikusten dugulako une horretan.
Bada, erabaki behar delako, beti hausnarketan egon ezin garelako eta azken finean erabakiekin ere errealitatea eraikitzen dugulako. Ikuspuntu konstrukzionista batetik, besteak beste, feminismoa, Busturialdeako Harrera Taldea edota Kolore Guztietako Basoak egitasmoak aukeratzeak soziokonstrukzionismoarekin bat etor daitekeen azaldu nahiko nuke gaurkoan.
Soziokonstrukzionismoak, eraren batean, harremanek ontzat hartzen dituzten diskurtso guztiak aldez aurretik posible direla sinisten duen horretan ezarritako diskurtsoak kuestionatu eta zapalduta dauden aukerei espazioa ematea proposatzen du. Ahots guztiak garrantzitsuak direlako eta ahots guztiei tokia egiterakoan denontzako askoz ere etorkizun aberasgarriagoa eraikiko dugulako. Feminismoak gure gizartean gizonen eta emakumeen artean bizi ditugun desberdintasun kultural eta estrukturalak bertan behera utzi behar ditugula dio. Euren herri eta familiak, euren bizitza atzean utzita gurera datozen errefuxiatuei harrera eman nahi dion taldeak, medio erraldoi eta komertzialetan zabaltzen den diskurtso arrazista eta xenofoboa salatu gura du. Bertoko basogintza baten aldeko aldarrikapena egiten duen Kolore Guztietako Basoak gure inguruan ohitura bihurtu den pinu eta eukaliptoaren ondorio latzak jakitera eman nahi ditu, alternatiba jasangarriagoak bultzatuz.
Konstrukzionismoa hain zabalduta ez dauden ikuspegi hauek plazaratzearen alde agertuko litzateke, hegemonikoki ezarritakoa kolokan edo dudan jartzea denontzako etorkizun onuragarriagoak eraikitzera eramango gaituen esperantzarekin. Hau da ba, zutabe honetako nire gonbidapena.