Ezin ikasia
Unibertsitatea amaitu nuenetik eduki dut beste zerbait ikasteko harra. Ez nire lanaren osagarri moduan bakarrik, jakin-minez edo bestelako zerbait probatzeko eta ikasteko gogoz ere bai. Eta ez naiz hori sentitzen duen bakarra, urteak pasa ahala, inguruan ere gero eta jende gehiago daukat bere ikasketak osatu nahian, orain daukan lana aldatzeko gogoz edo zerbait berria probatzeko intentzioz, ikasketa berriak egin nahian.
Hala ere, ez da hain erraza. Gaur egun lanean dagoen batentzat ia ezinezkoa da ikasten hastea. Gehienetan unibertsitateko zein Lanbide Heziketako ikasketak presentzialak izan ohi dira, hau da, klaseetara joatea derrigorrezkoa da. Beraz, ia ezinezkoa da lanean dagoen batentzako bide hau hartzea.
Beste aukera bat on-line edo Internet bidez ikastea izan daiteke. Hasteko oso aplikatua izan behar da norbere kontura ikasteko. Baina izan arren, hezkuntza publikoak oso aukera gutxi ematen ditu on-line ikasketak egiteko. Plazak oso mugatuak dira, eta orain arte egindako ikasketak eta notak hartzen dira kontuan bertara sartzeko.
Azken aukera: unibertsitate edo zentro pribatuetara joatea on-line ikastera, dirutza balio duten ikasketak, filosofikoki eta pedagogikoki nire pentsamoldearekin bat ez datozen ereduekin. Eta jakina, eurotan kostatzen dena ikusita lehentasuna aprobatzea da, ez ikastea.
Hori da panorama, oso gainetik kontatuta. Ez aipatzeagatik euskaraz ez dagoela ezer, oso gutxi direla berton dauden aukerak, zelako konpetentzia bultzatzen duten nota bidez sartu beharreko lekuetan, zelako lehentasuna daukaten unibertsitate pribatuek eta abar eta abar.
Esango digute ikasketak lanera bideratuta daudela eta horregatik direla presentzialak eta behin egitekoak. Baina nik ez dut sinesten horregatik egiten dutenik. Uste dudana da jakintza ukatzen digutela: zenbat eta lehenago lanean hasi hobeto, zenbat eta zure materia bakarrik kontrolatu eta horretara mugatu hobeto. Herrialde batzuk ikasteagatik ordaintzen duten bitartean, hemen lanean ari gara ikasketak ordaintzeko, eta sarri ordaintzeko aukera izatekotan ere, denborak eta bizitzak ez du ematen ikasketak burutzeko. Ikastea ukatzea baino okerragorik ba ote da ba? Pertsonari jakinduriarako debekua jartzea da herrialde batek izan dezakeen probreziarik handiena.
Eskerrak akademia ez den ikasteko leku bakarra eta kale-jakintzan masterrak ateratzen ditugun, egunero-egunero.