Furgoneten okupazioa
Uda garaia badator uda-garaia, eta hasi dira gure inguruak turistaz betetzen. Turismoak gure herriak kontsumo-gune bihurtzen ditu, herritarren bizitza garestitzen du, espazio publikoa okupatzen du eta herriak postal bilakatzen ditu. Azken aldian, gainera, badago gure inguruan gero eta gehiago ikusten den moda bat: karabanen, furgoneten, kanperren edo dena delakoen turismoa.
Neoliberalismoaren aro bortitz honetan, oporrak ere norberaren neurrira antolatutako ihesaldi pribatu bihurtu dira: neu, neure ibilgailua eta neure paisaia; ni, ni eta ni. Karabana askatasunarekin lotzeko ahalegina marketin-estrategia paregabea da, baina paisaia eder bat ikusi eta bertan aparkatzea ez da askatasuna; lurraldea kontsumitzea da. Arazoa ez da norbanako batek furgoneta batean lo egitea; arazoa bizimodu hori askatasunaren ikur gisa ulertzea da, horren atzean dauden zergatiak, pribilegioak eta ondorio kolektiboak ahaztuta.
Karabana-erabiltzaileek sarri turismo masiboaren alternatiba moduan ere aurkezten dute beraien bidaiatzeko modua, etxea aldean eramateak dakarren pribilegioak eragindako barruko harra lasaitzeko edo. Karabanen turismoa ez da egungo turismo-ereduaren alternatiba, turismoaren muturreko forma baizik. Hotelek, kanpinek edo landetxeek lurralde-eremu konkretu bat okupatzen dute, arau batzuekin, zergekin eta langileekin. Karabanek, aldiz, edozein izkina bihurtzen dute opor-leku: parking bat, itsaslabarraren ondoko bide bat, hondartzarako sarbidea edo herriko azken aparkalekua.
Etxebizitzari, zaintzei edota hezkuntzari modu kolektiboan erantzun beharra horren argi ikusten badugu, zergatik indibidualizatzen ditugu deskantsua eta oporraldiak?
Karabanek ingurumenarekin duten harremana ere kaxkar samarra da. Bizimodu garbi eta arduratsu gisa saltzen bada ere, errealitatea bestelakoa da: erregaien kontsumo handia, bide-bazterretan pilatutako zaborrak, plastikoak, janari-hondarrak, paperak eta naturaguneak komun edo dutxa bilakatuta. Bide batez aipatu nahiko nuke —karabana- edo furgoneta-erabiltzaileren batek irakurtzen badit—, txanpuak, biodegradagarria izan arren, txanpua izaten jarraitzen duela, eta ezin dela hondartzetan edo ibaietan erabili.
Gure inguruko udalek ere, moda honetara bildu nahian, karabanek gaua pasatzeko egokitutako guneak prestatu dituzte azken urteetan. Furgoneta bat erosi, egokitu eta mantentzea gutxi batzuen poltsikoen eskura baino ez dagoen arren, gero eta udal gehiagok, denon diru publikoarekin, aberatsen bidaiatzeko modu hori sostengatzen dute, aparkalekuak, ur-hartuneak eta hustubideak jarrita. Galdera saihestezina da: zergatik ordaindu behar dugu herritarrok eliteen turismo-eredu hau?
Ezin da ukatu karabanak egungo gizartearen isla direla, bidaiatzea ere indibidualismo basatienera eramanda. Etxebizitzari, zaintzei edota hezkuntzari modu kolektiboan erantzun beharra horren argi ikusten badugu, zergatik indibidualizatzen ditugu deskantsua eta oporraldiak?