Garraitz irlari buruz
Apirilaren 17ko HITZA-n poztu eta kezkatu ninduen irlari buruzko artikulu bat ikusi nuen.
Artikulu horretan esaten da Garraitz irla parke arkeologiko izendatu nahi dutela, bere kontestu naturalean babestu, berreskuratu eta interpretatzeko helburuagaz. Ekimen hau, baita azken urteotan egin diren lanak, txalogarriak dira.
Kezkatzen nauena panelak eta seinaleak in situ jartzea da. Nire ustez, gainera, hori, adierazten den helburuaren kontrakoa da, ingurunearen kutsadura izanik. Jadanik edonondik ikusten dan panel bat jarrita dago, eta panel honi beste batzuk gaineratzeak arazoa larriagotuko du.
Bestalde, eman nahi den informazioa interesgarria dela kontuan hartuta, paisaian arrastorik utziko ez duen beste informazio iturri batzuk aztertu beharko lirateke, teknologia berriek honetarako gaur egun eskaintzen dituztenak.
–Arene Garamendi. Lekeitio.