Gauerdiko oreina
Ez dot sekula amuma Justina ahaztu. Eboluzinoa aldaketak jasateko ahalmena dala dinoe, eraldaketak barneratzeko gaitasuna, bidean nonor edo zeozer barria bihurtuaz, baina, era berean, betikoa izanaz aurrera egitea. Hizkuntzea lez. Akorduan daukat txikitan baserriko atarira amuma eta biok urtetan ginanekoa, izarrak ikustera: aldi oro ei dabiz mobitzen; ortzia ez da egundo berbera, azaltzen eustan amumak. Geure gisara.
Kristal-begi tristeak eukazan mutikoa nintzan; nire isiltasuna neurea baino ez zan. Iluntzeak ubideko errotan emoten genituan, zaldi ganean ibilteko botak jantzita, ule luzea eta begi urdinak nituala amestuaz. Maite neban amumaren besaulkian jesartea, modu hartan bere hizkerea kutsatuko jatalakoan. Bederatzi bat urte nituan eta, artean, ez nekian bakartasunak denporea hausten dabela. Alkarren arrakalak ez genituan ezagutzen orduan, mukitsu ganorabako bat baino ez nintzan, baina egun nazen besteko zorionekoa eta ezjakina. Alkarren eskutik, dolua egiten ikasi genduan, galerea izan orduko. Belar ganean koskortu nintzan, inongo zaratarik atara gabe, eta, egia esan, ez dakit gure arteko maitetasunagaz asmau genduan ala ez, baina seguru nago alkar behar genduala, mundua bere onera bueltau daiten, nor bere maiteagaz oheratzen dan moduan, baina beti be etxeko nahiz epel sentitzen dodan mintzaira baten.
Amumagaz ikasi neban pinuen eta izeien arteko aldea, ilargiaren faseak ulertzen, akazien artean ez dirala gaztainondoak hazten, iratzeak dirala agertzen lehendabizikoak eta desagertzen azkenengoak, isiltasunak beti dakarrela ezetza beragaz, gagozen lekuaren eta egon gura geunkeenaren artekoa bakardadea dala, mundu oso bat alkarbanatzean sortzen dan alkarminaren antzeko sentsazino hori hizkereaz transmititzen.
Badira elur-maluten parekoak diran pertsonak: ederrak, hotzak, gu ikututakoan desagertzen diranak. Ha alboan ez daukadanetik, soloetan barrena txarrantxeak zaurituta dabilen gauerdiko oreina naz. Bere fereka bat nahikoa litzake trostan ez jarraitzeko; bere berba jakintsu eta aproposen bat, ostera, beste hesi bat eraikiteko. Pinu baltzak erein eustazan begietan, belazeak loratu nire azalaren azalerean, lingua franca baten esporak zabaldu gaueroko izara artean, nire barreneko prozesionaria-habiak desegin, beste inork pezeta erdirik emon ez ebanean. Nor izango nintzan erakutsi. Ez daukat ahazteko.
Hainbeste eta hain baliotsuak dira bere irakaspenak, bere lezioakā¦ eta bere esakerak. Hainbat dira seme-alaben bidez euskaldundu diran gurasoak; beste hainbeste dira aitaita-amumen bidez euskaldundu diran lobak. Azken hori munduak jakin beharko leukeen zeozer dalakoan nago.
Ez deutsat inoz amuma Justina gogoratzeari itxi. Berak erabilitako mintzaira maitagarri ha miresteari be ez.