Gaur Egun
Ez dut gogoratzen nondik nora nindoan ezta zein irratsaio izan zen ere, baina kotxean aditu nuen jende kopuru garrantzitsu batek urteen joanarekin albistegiak ikusteari utzi diola, hein handi batean, ematen diren berriek ezbeharra eta tristura baino ez dutelako kontatzen. Entzundakoak zer pentsatu eman zidan. Notiziak egunero ikusten ditut, bai, baina, agian, ez ditut behar bezala aditzen. Batzuetan afalorduan sakoneko soinu banda baino ez da, ondorengo ordenean: albistegia-kirolak-eguraldia. Oraingoan, baina, etxera helduta buru-belarri adituko nituela eman nion neure buruari hitza.
Fentaniloa lapurtu dutela Urdulizeko ospitaletik. «Zombie» droga legez ezaguna, heroina baino 50 eta morfina baino 100 aldiz bortitzagoa omen dela diote adituek. Eta nik nire baitarako: Ezagutza urria daukat droga kontuan, baina gustatuko litzaidake egungo gazteriaren drogazaletasun eta kontsumo zifrak (legalizatuak ere bai) kirola uztearen datuekin alderatzea, adibidez. Zeinek ote dauka portzentaia handiagoa?
Gazte bat hil berri dute labankadaz Algortan. Hipotesi desberdinak maneiatzen diren arren, berotutako borroka bat izan omen zen abiapuntu.
Eta nik nire baitarako: Gauza bat da liskar bat eduki eta ukabilkada bi trukatzea eta beste bat kalera zoazela poltsikoan labana eramatea, erabiltzeko asmoz. Lehena gaitzesgarria da, baina bigarrena?
Israelek mehatxua bidali die Palestina herrialde legez onartu zein hartuko duten herrialdeei, tartean Espainiari. Beraiei min ematen dien orori min emango diotela esan du ministro israeldar batek, orain artean egin duten sarraskia gutxi balitz bezala.
Eta nik nire baitarako: 35.000 hildako, 80.000 zauritu, 10.000 desagertu eta ia bi milioi desplazatu daramatzan genozidio antolatu bateko kide izan eta mehatxuka? Noraino iritsiko gara?
Telebista itzaltzeko nahikoa gogo eduki badut ere, burugogorkeriagatik hasi eta bukatu egin dut albistegia. Agian, ez da zorakeria bat albistegiak ikusteari uztea. Hala ere, nahiago dut inguru hurbilean zein mundu zabalean gertatzen denarekin lerrokatuta bizitzea, ezjakintasunean baino. Sarrionandiak idatzi eta Laboak grabatu zuen Kiromantzidxa kantu-lokuzioak dioen moduan, «se ixen be ondo sorue da mundu au bixi gariena»