Gaztetxoen ongizate emozinala
Gaur egun dugun oreka emozionalaren beharra duela hamarkada batzuk baino askoz handiagoa da. Bizi garen gizarte indibidualista, patriarkal, kontsumista eta ezegonkor honek inori ez dio mesederik egiten, eta ume eta gaztetxoei are gutxiago.
Gaztetxoekin lan egiten dugunok, hezitzaileak garen heinean, beraienganako ardura handia daukagu baloreen transmisioan. Batetik, beraientzat eredu garelako eta bestetik, pentsamendu eta jarrera egokiak bereganatzeko prozesuan lagundu beharko geniekeelako.
Eredu izateak, halaber, geure burua etengabean errebisatzea dakar, koherentzia minimo bat izan behar dugu eta. Beraientzat esaten duguna baino esanguratsuagoa da egiten duguna. Azken batean, gure jarduna eta gure izateko era izango dira, batez ere, gugandik ikasiko dutena.
Aurrekoa esan arren, argi dago lehen eredua eta garrantzitsuena, etxean jasotzen duguna dela, eta hartutako eredu horren gainean eraikiko direla bai eskolan zein gizartean jasoko dituzten jarrera eta baloreak.
Badakigu ere, eskolak umeengan duen eragina mugatua dela, baina, kasu askotan, eredu egonkor eta seguru bakarra bilakatzen denez, kriston protagonismoa izango du beraien barne munduan eta finkatzen doakien nortasunean.ere : «Nire etxean honela egiten da, baina ez da gauzak egiteko modu bakarra», «…ren etxean horrela, eta bestean halan eta, …maisu-maistrak diño…» Bizitzan jokamolde desberdinak daudela ikusteak garrantzi handia izango du, batez ere alor honetan beharrizana duten ume eta gaztetxoentzat.
Horrez gain,irakasleok jakin badakigu zein garrantzitsua den gure ume eta gaztetxoen ongizate emozionala, gainontzekoak (eduki akademikoak, autoestimua, lagunen arteko harremanak…) behar den moduan eraiki ahal izateko. Hau honela izanik, nire iritziz, heziketa emozionalak bere lekua eta denbora izan behar du eskolako curriculumean. Emozio eta sentimenduen lanketa eta baita ere gainerakoekin harreman egokiak izateko erabili behar dituzten estrategiak ikasten joatea ezinbestekotzat deritzot.
Duten adinaren arabera, sentitzen dituzten emozioak identifikatzen eta izena ematen irakastea oso beharrezkoa da, oso zaila baita izendatzen ez dakitenaz hitz egitea, eta hitzen faltan egonez gero, askotan, ezintasuna, txarto ulertzeak eta haserreak datoz.
Eta harremanen kontuan, ikaskideekin edota familiarekin egongo diren gatazkak modu egokian bideratzeko, «Jotzen bazaitu zuk ere jo» … bezalako jokabideak baztertu eta hausnarketaren ondorioz gehiengoaren onura bilatzeko estrategiak sistematizatu eta barneratu, gero gatazken aurrean erabili ahal izateko, oso lagungarri ere ikusten dut.
Gainera, lanketa hau elkarrekin egiteak bai gaztetxoei zein helduoi ere aberastu eta bidelagun bihurtuko gaitu, dudarik gabe.