Geratu barik
Oporraldi luzeen bueltan lankideakaz, lagunekaz edo ezagunekaz aurkitzen garanean, ohiko galdera «Zelan oporrak?» izaten da, eta askotan erantzuna «geratu barik» izaten da. Badirudi oporrak ondo aprobetxatu izanaren neurria zenbat mugitu garen bihurtu dala.
Erantzun honek, asebetetze eta positibotasun kutsua daukan arren, azken boladan gero eta zalantza gehiago sortzen deustaz, nire iritziz, hara-hona bidaiatzeak, norberaren kapritxoak betetzeko bakarrik, ez dauka ez bururik ez hankarik.
Zalantza horreen artean, ingurumenari eta ongizate emozionalari lotuta dagozanak dira gehien kezkatzen nabenak. Adibidez: oporraldiak, batez be, «pilak kargetako» badira, zentzurik dauko gure joan-etorriakaz lanegunetan baino estresatuago ibiltzeak? Beharrezkoa da bidaia hori, ala artaldeko ardien moduan mugitzen gara, noraezean, iparra galduta?
Sarritan, gure aldartea baretzeko eta barruko hutsuneari aurre egiteko tartea hartu beharrean, egonezinetik ihes egiteko maletak hartu, eta bagoaz, ondo jakin barik nora edo zertarako. Denbora, daukagun gauzarik iheskorrena eta preziatuena, gorputzari entzuteko eta hausnartzeko erabili beharrean, hara eta hona ibiltzeari ematen deutsagu, hegaberak bagina moduan.
Egia esan, erreza da turismo publizitatearen eta presinoaren amua irenstea eta, konturatu orduko, hotel, hegazkin eta itsas konpainien atzaparretan jausten gara, gure poltsikoak hustuz eurena betetzeko. Gainera, zorioneko sare sozialekaz dirudiena da gure benetako beharrei erantzun beharrean, besteen oneretxien zain gagozala, eta ondorioz, askotan nortasuna galtzen dogu itxurakeriei mesede egiteko.
Eta ingurumenaz berba egiten badogu, noraez horren ondorioz gu geu be, ohartu barik, mugitzen dan merkantzia hutsean bilakatzen hasi gara. Zoritxarrez, ez gaude, EEBBtatik dakarguzan txitxirioetatik, edo Asiatik ekartzen deuskuezan balio bako arropetatik oso urrun.
Logikarik al dau hiruzpalau eguneko oporraldirako hegazkina hartzeak? Nire joan-etorriakaz nori egiten deutsat mesede, turismo enpresa eta hegazkin konpainia handiei? Ez deust ardura honek zelako eragina daukan planetarengan? Galdera potoloak honeek danak, nik ustez, hausnarketa merezi dabenak.
Zorionez, beste joera batzuk agertzen hasi dira, euretariko bat «staycation» izenekoa, «stay»=geratu eta «vacation» =oporrak. Joera honek ez dau sustatzen ezer ez egitea, inguruak eskaintzen dabenaz gozatzea baino. Ez da «ez noa ezin dodalako»; aitzitik, geratzen naz holan aukeratu eta erabaki dodalako.
Agian, batzuetan, geratzea be bada aurrera egitea. Beste barik.