Gernika Sariak
Gernika bonbardatua izan zeneko 87. urtemugara heldu gara. Askotariko ekimenez jantzita etorri da eguna: sirena hotsak, herri antzerkia, iluntasuna urratzen duten kandelak… Gernika-Lumo Memoriaren Leku izendatu dute eta Gernika Sariak ere banatu dira. Sari horien xedea, antolatzaileen esanetan, «Bakea eraikitzeko eta berradiskidetza bultzatzeko lanean diharduten pertsona fisiko edo juridiko, erakunde edo bestelako pertsona-taldeen aitorpen publikoa egitea da». Bi erakunde izan dira sarituak: Bakearen Aldeko Borrokalariak eta Mediterraneo Itsasoko Justuak. Lehena Israelgo eta Palestinako borrokalari ohiek osatutako erakundea da, indarkeriarik gabeko bitartekoen bidez bakea sustatzeko elkarrekin lan egiten dutenak; Mediterraneoko Justuak Mediterraneo erdialdean eta Egeo itsasoan erreskatean diharduen erakundea da. Merezimendu osoa dute halako aitortza jasotzeko, zalantza barik.
Euskal Herrian ere baditugu bakegintzaren aldeko adibide apartak. Horietako bat Bakearen Artisauak taldea da, ipar Euskal Herriko gizarte zibileko ekintzailez eta sindikalistez osatutako taldea, 2017an ETAren armagabetzea lortzeko bitartekaritza lana egin zuena. Aurten Gernika Batzordeak urtero jartzen duen sirena piztera gonbidatu ditu, oztopo guztien gainetik arrakastaz egindako lana eskertzeko. Halaber, lerro hauek baliatu nahi ditut, Gernika Batzordeko eta Gernika Memoriaren Lekuko plataformako kide gisa, Gernika Sarietarako gure hautagaitza zein eta zergatik izan den argitzeko.
Ikusirik munduan zehar piztu diren gerrek eta horien ondorioek (batez ere Palestinako genozidioak) eragin duten haurren arteko heriotz kopuru ikaragarria, aurtengo Gernika Sarietarako haurrei bakea ekartzen saiatzen direnen alde egin dugu. Oso serioa den pailazo lanaren alde, hain zuzen ere. Tindatutako masailak, sudur gorri-gorriak, ilaje koloretsuak, eta margoztutako ezpainetan, beti-beti, irrifarreak eskaintzen dizkigutenen alde.
Gerrek, migrazioek, gaisotasunek haurrak ere kolpatzen dituzte. Irria minari aurre egiteko antidoto ezinbestekoa da, eta ez dago mugarik edo chek-pointik hezituko duenik. Irria distantziatik ere egin daitekeen maitasunezko zirria da.
Gure herrian milaka haurrek jaso dute azken lau hamarkadetan alaitasunaren berotasuna, irriaren bakea: espetxe-politika mendekatiak zigortutako motxiladun umeek, migratuek edo azalaren koloreak bereiztutakoek, sexu orientazioagatik baztertuek… Askotariko min iturri izan diren horiek baretu izan dituzte lau hamarkadetan gure pailazoek. Zer hobeagorik irribarre bat elkartrukatzea baino? Zelan arindu gerren herio-dantza makabroa irribarre batekin ez bada? Irriak bake-une bat ematen die haurrei, haren premia handia duen mundu honetan.
Horregatik, 2024ko Gernika sarietarako gure hautagaiak dira… Pirritx, Porrotx eta Marimototx. Katxiporreta!!!