GERNIKATIK GAZARA
Gernika, memoria historikorako leku izendatu du ofizialki espainiar gobernuak, apirilaren 13ko Estatuko Aldizkari Ofizialeko iragarki bidez. Ez daukat zalantzarik 1937ko apirilaren 26 hartan gure arbasoek bizitakoa ahazten utzi ez izanak ekarri duela aitortza hau. Berez, Gernika, aspalditik delako memoria historikorako leku praktikan. Madrilen bahituta jarraitzen duen Guernicak egin du Gernika, memoriarako leku. Baina batez ere, herritar eta elkarte ezberdinek urtez urte egindako lanak egin du Gernika, memoriarako leku.
Ahazten ez duen herria da gurea, zorionez. Ez dugu ahaztu nahi, eta ez gaude ahazteko prest, herri honi zor zaizkion justizia eta erreparazioak, egia behar dutelako ezinbestean. Baina are gehiago esango nuke. Ez dugu ahaztu nahi eta ez gaude ahazteko prest, orain dela 87 urteko sarraskia ez dugulako inon errepikatzerik nahi. Memoriarena, iragana oroitzeko ariketa bat baino gehiago delako. Memoriarena, ardura bat ere badelako.
Zoritxarrez, historia errepikatzen ari da guztion begien aurrean. Bai, gaur eta Gazan gertatzen ari da, eta Israelgo estatuaren eskutik dator genozidio berria. Aire, lur zein itsasotik erasotzen dituzte; hildako eta zaurituen zifrak abiadura beldurgarrian egiten du gora etengabe; elikagai eta botiken sarrera mugatzeak, gainera, gosea eta gaixotasunak nagusitzea baino ez dakar. Historia errepikatzen ari da guztion begien aurrean. ‘Gorriek erre zuten Gernika’ esan zuten orduan, eta gaur egun ‘Hamasek sorrarazi du hau’ esaten dute. Medioek hori elikatzen dute eta kontrako norabidean joan daitekeen edozeinentzako, hor daude Amerikar Estatu Batuak, Europar Batasuna eta bestelako boterelagunak, beto eta legeen bitartez ahots horiek zuzentzeko.
Gaur apirilaren 26a dugu. Gure iruditegian, memoriarako egun garrantzitsua. Izan gaitezen memoriak merezi duen lekuko, eta gure arbasoak gogoan, jarri dezagun begirada Gazan, XXI.mendeko Gernikan, sirena hotsak irauten dituen 4 minutuetan, edo kandela eskuan herriko kaleak zeharkatzen ditugunean, edo gaurko egunez egiten duzun hori egiten duzunean, Egin dezagun Gaza anaitutako herri. Ofiziala ez bada ere, horrek gehiegi inporta ez digula erakutsi dugulako.