Gorka Aurreri
Oraingoan ez dugu Prakagorri enpresaren «Lekturalia» irakurketa metodologia aztertuko, ez dugu ezagutzen eta!
Baina bai ezagutzen dugu, ondo gainera, Lea-Artibaiko ikastetxeetako irakasleak, bai ikastetxe pribatu zein publikoetakoak, eta badakigu nolako ahaleginak egiten dituzten txiki-txikitatik irakurketaren inguruan.
Beraz, iraingarria eta mingarria iruditu zait, bai irakasle zein senideentzat, «PRAKAGORRI» enpresaren izenean Gorka Aurrek esandakoa eta Hitza-k publierreportajean argitaratutakoa. Hona hemen perla batzuk:
- Gurasoak ikasturtea gainditzearekin konformatzen dira…
- Etxean emaitzak bakarrik nahi dira, eta ikastetxean ez da metodologiarik irakasten…
- Ikastetxeetan irakatsitako irakurketa metodo erabat zaharkitua, geldoa eta ulermen urrikoa…
- Ikastetxeak, ikaslerik gehienak porrot-sentipena izan dezaten diseinaturik daude…
Prakagorri enpresaren irakurketa metodoa saltzeko ez dago zertan mespretxatu besteen ahaleginak, estrategia hori zaharkituta dago eta, are gehiago, gezurrak esan eta min egiten duzunean. Beraz, Gorka Aurre, nik ez diot esango nire seme-alabari zure hitzaldira joateko eta gutxiago besteen seme-alabei!
–Xabier Iturbe (irakaslea). Lekeitio.