Goza ditzagun!
Uda garaia heldu da, eta sasoiarekin batera badatoz herrietako jaiak ere. Herri guztietako jaiak ez dira udan izaten, baina udan herri guztietan jairen bat dagoela esatera ausartzen naiz. Gure eskualdean asko dira ekainetik irailera bitartean jai giroan murgiltzen diren herriak. Ia denak, esango nuke. Gainontzekoak ere konpontzen dira, udako oporraldian zehar herrian ezer ez egotea badelako zeozer antolatzeko nahikoa arrazoi.
Gaur egungo gazteek jai egunak direlako dakizkigu santuen izen apurrak. San Juan suak piztearekin batera hasi ohi da santoralaren errenkada, baina, batzuk jai egiteko, besteek lan. Herri txiki bateko bizilagun eta urte askotan bertako jai batzordeko kide izaki, asko begiratzen ditut herri desberdinetan ateratzen diren egitarauak. Ez dakit fijazioa edo enpatizatzeko beharra den, baina ezin dut ekidin. Zenbat jai egun antolatzen diren, zein eta zenbat ekintza dauden egun bakoitzean, zein hizkuntzatan argitaratzen diren kartel zein liburuxkak… badago nondik ibili.
Ez da lan xamurra herriko jaiak antolatzea gero! Musu truk eta borondate onenarekin eskeintza zabala diseinatzea, beti ere aurrekontuak ezartzen dituen mugak zeharkatu gabe. Guzti hau gutxi balitz, gehiengoaren (denona ezinezkoa da eta…) gustokoa izatea lortu behar da. Eta ahalegina egin arren, beti entzun behar izaten da iradokizunen bat, batzuetan benetakoa, hurrengo urteetarako proposamenen bat edo; eta beste batzuetan ostera, asmo txarrez egindako kexaren bat, konstruktiboa delakoan destruktiboa baino ez dena. Jaiak herritik eta herriarentzat gozamen iturri izan behar dira, eta ez herrikideengandik eta herrikideentzat kritika.
Txarrak zerrendatzeko joera daukagun arren, ederretik gehiago daukate herriko jaiek. Txupinaren bolanderak eztanda egin orduko zapia lepoan izaten dogu, bizpahiru egunerako ondo lotuta. Tokiko dantza taldearen emanaldia, trikitilariak, bertso saioa…, ez dezaten esan kultura zaintzen ez denik. Ekintza osagarriak dira batzuetan eta betegarriak besteetan, lastozko zaku bat bezala. Tortilla, paella edo sukalki txapelketetan kuadrillen arteko norgehiagoka eta adar jotzea ere ikusgarria izaten da. Zoritxarrez, parte hartzea gero eta urriagoa izaten ari da, gehiengoak ez garelako horrelako lehiaketa gastronomiko batek eskatzen duen lan eta antolakuntza gure gain hartzeko gai. Norbaitek hartzekotan, errazagoa da zerrendan izena eman eta bazkalordurako heltzea.
Kontua, berdin dio zein herri, auzo, santu edo jai egunetan, lagun artean eztarria bustitzeko eta tripa betetzeko aitzakia edukitzea da. Hala ere, ez legoke txarto hauek bizirik mantentzeko atzean dagoen eta egiten den lana ikusaraztea. Goza ditzagun!