# «Gu» ez direnei buruz
—: Bego, zu hamen?
—: Bai. Superrera bajau naz gauza batzuk erosten.
—: Baina… zer egiten dozu hamen? Zuk ez zeneukan, ba, filipinia etxian?
Elkarrizketa hori entzun zuenak kontatu zidan niri, erosketak egiten ziharduela entzun zuen; beronen ugazaba andreak agindutakoa erosten zebilen superrean. Etxera itzulitakoan uniformea eta kofia jantzi eta jatekoa prestatuko zuen, zaindu behar zuen inoren umeak uzten zion neurrian. Gutxieneko soldataren heren bi pagatzen zioten zu banketxean artatzen zintuen bentanillakoak eta zuen ama osatzen zuen medikoak. Ordaintzen ez zioten beste herenak balio izango zuen kontratua pagatzeko; bere egoera legala erregularizatzeko balioko zuena.
Egoera erregularizatzea. Ederra ametsa!
Erregularizatuta, gutxieneko soldata ordainduko lukete medikoak eta banketxeko langileak. Egoera erregularizatuta, lanaldia ez litzateke izango 10 ordukoa egunean egunean, bost egunetan. Eta zapatuetan zortzi ordu. Egoera erregularizatuta, alokatu zezakeen gela hobea. Ederra ametsa!
Erregularizazio aldia zabaldu zen oraintsu arte. Baina erregularizatzeko, kolak egin behar dira… goizaldeko hiruretatik eguerdi aldean artatuko zaituztelakoan egingo zenduan zu izan bazina? Indautxuko komisaria inguruan tokaten da. Hotz zein bero. Euri zein aterri.
Eta komisariako poliziak hartzen zaituenerako, prest izan behar den-dena, paperen bat falta baduzu, erregularizatzeko aukera galduko duzulako.
Eta behar duzun beste denbora joaten uzten ez badizu ugazabandreak, bat edo bati ordaindu beharko diozu —gustora gainera— kola egiteko.
Zelan ez zenukeen zure gutxieneko soldataren heren bietako erdia bideratuko informatzen zaituen abokatuari ordaintzeko? Nahiz eta zure lanaldian Eusko Jaurlaritzak, Misterio de Interiorrek eta besteren batzuek debaldeko informazio-bulegoak zabaldu. Dohaineko hainbat zerbitzuren berri ulertzen ez duzun telebistan agertzen badira ere.
Telebistan zelako eder eta errez ikusten dan erregularizazioaren tramite horiena!
Bankuko bentanillakoa eta medikua zain daude, noiz amaituko erregularizazio tarte hau; berriro eskaintzeko 58 orduko lan astea eurek uniformatutako paperik bako bati. Hari, oinarrizko soldataren heren biren truke, zorteko dela azalduko diote.