Guernicatzen goaz?
Urtero legez, Gernika Lumon Urriko Azken Astelehena ospatzen da. Nekazari eta abeltzainen jai handia. Milaka pertsona hurbiltzen dira Euskal Herri guztitik erosketak egitera, hainbeste ekoizpen dastatzera eta parranda potolo batekin eguna bukatzera.
Jaia asko aldatu da. Dauala ez hainbeste urte baserritarra izatea isekarako parada zan. «Aldeanos» eta beste horrelakoak entzutea «urbaniten» ahoetatik ohikoa zan. Gaur egun, «urbanoa» masiboa da, herritartasuna erabat ito da, bai belaunaldien inguruko errealitateaz, baita kanpoko, turismoa, inmigrazioaren ondorengoen eraginez ere.
Aldeketa integrala baita. Egun, hirikumeek hainbeste sos uzten dabez euren «euskal jantziak» erosteko, eta horrelako egunetan «aldeanoz» mozorratzeko. Modernitatearen gauzak, alegia.
Baina aldaketa estetikoetaz gain, «Urrikok» beste hainbeste «garapen» izan dauz.
Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren krisi egonkorrak dirau. Egonkorra baino areagotua! Muturreko egoera etengabea. Baina pandemiaren ostean, bitartekariak direla, edota saltoki handien presioaren eraginez, aipatutako lehenengo sektorearen errealitatea larritu egin da, eta honek txikiei prezio estratosferikoak jartzera bultzatzen die. «Hacendado» hitzaren esanahia oso argia da: «terratenientea edo lurjabea, latifundista».
Indabak, gazta, sagarrak, txakolina, haragia… «Urrikon» poltsa erabat garestitu da, baina negozioa baino, txikien biziraupen hutsa dogu!
Beste alde batetik, artisauek eta azokan agertzen diran horrenbeste saltokik, globalizazioak inposatu dauzan dinamiken ekaitzan murgilduta, oso mugatutako etekinak ateratzen dabez. Amazonek, «oihanak», hondamena ekarri dau.
Horrek dirala eta, Astelehena erakusleiho erraldoi bihurtu da. Pasealdirako eguna, lagunekaz elkartzeko parada edota parranda ederra egiteko aukera.
Euskal gizartearen asimilazio kulturala ere asko nabaritzen da. Urdaibaiko biosferaren erreserba arriskuan dagoen moduan, gure erreserba kulturalak be sufrikarioa pairatu behar dau. Euskararen presentzia urtu egiten da «euskal jantzi»dunen erdeldunen eraginez, edota hedabide espainol hiztunen, gehienak, inposatzen daben «hiztun lineagaitik».
Egungo «Urriko Azken Astelehenak» munduaren garapenarekin lotura dauka. Gero eta folklorikoagoa, lehenengo sektoreko langileekiko iruzurra, erdalduntzean eta herriarekiko lotutarik ez dabenen «urteko eguna».
Gozatu, konpartitu, sentitu… baina pentsatu…gure kultura, ekoizpen propioa, gure dimensio herritarra… txikitzen ari da?