Gure esku
Eguneroko argi orduak gutxitzen doazela eta urteko itsas marea bizienak ate joka daudela. Hauek dira gaur egun ziurtasun osoz aipatu ditzakegun gauza bakar batzuk.
Gure planetak aurrera darrai. Txirri-txarra. Bere martxan. Pozik esan genezake, berarekin batera bidean doazen ugaztun aurreratuenek bihotz-maiztasuna minimoetara murriztu dutela ikusirik. Halere, gurean, galera ekonomiko eta sozialak ikaragarriak dira eta nola edo hala, dena zor diogun gure planetarekin bidezko tratua itxi beharko dugu.
Makroa ez dago gure esku. Mikroa bai ordea. Gure jokabideak, inoiz baino gehiago, etxe bueltan dugun horretan eragin zuzena izango du. Horrela, gure eremutik ez urruti mugitzera behartu gaituen pandemiaren gaitzetik atera litekeen ikasgai positibo hau bultzatu beharrean gara. Zer? Nola? Gogoeta arin bat egin ezkero, aukerak hainbat dira.
Ezagutzat ematen dugun inguru ederrean sakondu genezake. Familiarekin edo ikaslagunekin irteera ederrak antolatuz. Elantxobe eta Ogoño, Akorda eta Atxarre, Ereñozar, Metxika eta Bizkaigane, Urdaibaiko padura, Oma, Ajangiz, Altamira edo Madariaga dorretxea. Aukerak hamaika dira.
Familiako helduenen berotan denbora gehiago ematea dagokigu. Beraien garaiko kontuak, kondairak, gertaerak berrezkuratuz. Gure presentziaz haien zoriona kanporatuz. Familia giroa errotu eta gaitz honetan parterik txarrena duten haiengan konfiantza sendotuz.
Enpatia esaten dena indartzeko ordua da. Eskola komunitatekoak gure txikien alde ematen ari diren denbora eta izerdia goraipatu. Beharrizanik duten auzokideei gure eskua luzatu. Etxe ondoko tabernan kafe bat, bi eta behar badira hiru ere kontsumitu. Udaltzaingoren bati ukondoa eman eta horrela haien lana eskertu. Maskarillaren kontua ere serioki hartu.
Eta bukatzeko, nola ez, gure etxeko txikien gidari lehialak izaten jarraitzea inoiz baino beharrezkoa dugu. Gertatzen hari den guzti hau ikasgai bat dela azaldu. Egoera berrietara egokitzeak hezitzen gaituela ulertarazi. Inguru ezin hobea, ikaragarria dugula erakutsi. Honetatik ondo irten ahal izateko, elkarlana, anaiak izatea, ezinbestekoa izango dela behin eta berriz esan.
Gure esku dago. Aurrera.