Heldu da udaberria!
Heldu da udaberria eta gabarra uretan dago. Polena barra barra dabilen honetan askoren kezka udaberria txuri-gorria edo txuri-urdina izango ete den da zalantza eta esperantza nagusia, nahiz eta benetan aurpegietan daramatzagun ffp2en txuri-txuria nagusitzen den.
Munduan aldrebestuta dagoen honetan, udaberriko koloreak indarrez datoz gure begietara, baita ere final egunerako beraien boligrafo digitalen luma zorrozten ari diren kolore guztietako txapelokerren isunen blok txurietara. Horiek bai txuri-gorri, txuri-urdin eta txuri-berde. Isunak polena bezala ibiliko dira Aste Santuko Aberri Egunaren bezperan, barra-barra negozioa den futbol munduaren kontura negozioa egiten.
Nori okurritu ote zaio 2020ko finala, ikuslerik egon ezin zelako bertan behera geratu zena, urtebete beranduago eta ikusle barik ospatzea???!!! Eta zer eta gauean, toquedequeda hastear dagoenean jendartea etxean txintxo-txintxo egon dadin!!!
Udarako «artalde immunizazioa» egina egongo dela diote, nahiz eta oraindik ez dakigun artaldea latxa edo karrantzana edo zein motako ardiz osatua egongo den. Ez zen logikoagoa izango uda aldean jokatzea partidu hau (eta ni ez naiz batere futbolzalea, badakizue dagoeneko) eta zaleek behar bezala ospatzea irabazi edo galdu izana?
Ze hori bai artaldea ere, futbolaren ingurukoa. Eta ez diot zentzu txarrean. Nik ardiak maite ditut eta egiten duten lana ikaragarria da. Beraiek gabe gure landa eder batzuk sasitza lirateke gaur egun, edo, oraindik txarrago dena, eukaliptza.
Ez diot zentzurik ikusten.
Zentzurik ez, baina zentzurarik bai.
Ze lasai egongo den emeritoaren semea bere aulkian eserita. Txunta-txunta-ta-txunta-txunta-txunnn entzuten inolako txistu hots barik. Agian nahiago ditu txistuak, horiek oso noizbehinka entzuten ditu eta Txunta-txunta-ta-txunta-txunta-txunnn entzuten aspertuta egongo da jada.
Baina tira, harritzen nau oraindik orain tik-tok bat edo ez agertu izana txistukada digitala erreto bezala proposatuz. Ostras, orain konturatu naiz hitz hauekin martxan jarri dudala bola… eta estimatzen genuen burkide batek zioen bezala, aurrera bolie!