Hezkuntzako autoritarismoari aurre egiteko, M25 kalera
Koronabirusaren garaiko fenomenoa dirudien arren, autoritarismoa gure bizitzetan beti egon izan da presente modu batera edo bestera, eta azken hilabeteetan areagotzen joan da. Ikasleon iritziak biltzeko inkesta bat egin genuen duela bi aste, eta bertako ondorioak azalduko ditut hemen, neure bizipenekin batera, egoeraren berri izan dezazuen.
Askotan sentitu izan dut ez digutela merezitako tokia ematen ikasleoi: ikastetxean, kalean, etxean… Autoritarismoaren fruitutzat jo daiteke egoera hau, langileria osoa kontrolpean izateko hainbat mekanismo erabiltzen baitituzte gizarteko boteredunek, eta hezkuntza-sistema ere ez da hortik at geratzen.
Areagotuz doan fenomenoetako bat infantilizazioa da. Langileria osoa infantilizatuta dagoela esango nuke, are gehiago bizitzen ari garen garai zail hauetan. Izan ere, guztiok gara ume legez tratatuak, erabakimenik izango ez bagenu bezala. Hezkuntzan zentratuz gero, ikasleok egunero izaten gara lekuz kanpoko gertaeren testigu zuzendaritzako kideen edo irakasle batzuen partetik, sarritan asmo txarrik gabe bada ere. Egunero entzuten ditugu «oraindik gazteak zarete, ikasiko duzue» edo «gazteegiak zarete esandakoa ulertzeko» moduko komentarioak.
Horri lotuta, subjektu politiko gisa onartzeko beste garrantzia ez dugula azaleratzen da. «Ikasle kritiko eta helduak» nahi direla adierazten den arren, praktikan jartzen dugun unean aitzakia eta oztopoekin topo egiten dugu (Covid-19arekin, gainera, errazagoak direnak). Gainera, askotan borondate politikoa mehatxatua eta zigortua izaten da. Ez dira gutxi izan aurten ere ikastetxeetan ikasleen interesen aldeko lan politikoa egiteagatik irakasle batzuengandik umiliatuak izan diren ikasleak.
Amaitzeko kontrol sozialaren gorakada aipatuko dut. Covid-19aren ondorioz etxetik jardun genuenetik, ikastetxean kontrol soziala asko handitu da, eta tresna aipagarrienak plataforma digitalak dira: Classroom, Inika, Alexia… Gure asistentziak, berandutzeak, lanak entregatzeko epeak, azterketen emaitzak, jarrera desegokiak… segituan iristen zaizkie gurasoei hauen bitartez, ikasleari berari dagokion zerbait ez balira bezala. Honek guztiak ikasleok gure hezkuntza prozesua kudeatzeko autonomiarik gabe eta hitzik gabe uzten gaitu.
Honen guztiaren aurrean, martxoaren 25ean paroak deitu eta kalera aterako gara, 12:15etan Zaldupeko Zubitik (Ondarroa) egingo dugun mobilizazioan. Dei egiten diegu aukera duten herritarrei ere bertaratu daitezen. Guztion artean aurre egin diezaiogun!
–Iholdi Lete. Ikasle Abertzaleen izenean.