Homo pormishuevilis sbsp polliticus
Ederra da Eugenioren kontua. Hark du titanioz betea azala zein hezurdura. Barnean egundoko artista piloa hormetara lotuta. Bilbo biziberritu du, eta haren aorta nagusia, Ibaizabal, garbitzea ahalbidetu. Izango zuen atzetik Eugeniok azpijoko zikinik? Ezer komentatzea indarra alperrik galtzea da orain. Izan ziren okerrak egun sortutako dirutzek isilduko dituzte. Eta horrela ez bada, Eugenio Bilbon erroldatu zutenek egingo dute.
Orain Eugenia baten bila dabiltza –aurrekoaren bikotekidea, antza–. Segituan Urdaibain jarri dute ikusmira. Zer dela eta? Han omen da Eugeniaren aldamioak jartzea behartuko dutenen udako bizitokia; espekulazioan bor-bor dabilen lapikoa; saldu daitekeen berdetasun iraunkorra; bakan batzuen poltsikoak, berriz ere, betetzeko aukera. Ostera, zeinek zaindu behar du Urdaibai? Behinola Europak, herritar talde zoro batzuen ekimenari esker, egin zion aurre Francoren makroproiektu bati. Bigarren honetan, horrela jarraituz gero, Eugeniaren digestio-ostea oso-osoan jango dugu («Houston we have a problem!»).
Hori gutxi balitz bezala, Eugeniok Eugeniaren bikia ere nahi du. Nahi, nahi, nahi eta nahi…. Desirak ez luke izan behar eskubide, baina honek Ana Obregonen usaina du; alegia, dirua tartean egonda, herritarron iritzia alde batera geratuko da.
Eugeniak eta bikiak, jaio barik, badute izanik: administrazio zein albiste-paperek Murueta eta Gernika-Lumo egokitu diete –bakoitzari bizileku bana–. Biak lotuko dituen eta halabeharrez gristuko den ibilbide orlegi-aranista bat zizelkatuko dute ibaiertzean. Zein da horren atzea? Gautegiz Arteagan «calle del coño» bat agertzea? Kanalako hondartzatik biluzik ibiltzea amaitzea? Basogintza eraikuntzen enpresekin ordeztea? Badirudi Eugenia eta bere bikia erreginen pare tratatzeko eskualdea moldatuko dutela, eta busturialdetarrak nahiz Urdaibai bera izorra daitezela!
Etsipenez ikusten ditugu sarri pelikuletan gaitza aurresaten duten profetak; ostera, hau erreala da. Momentu iluna heldu aurretik, denboraz gabiltzala oraindik, zergatik ez dugu tarteko zerbait adosten? Planak ondo pentsatu daitezke eta denentzako benetako etekina bilatu (ez bakarrik bakan batzuentzat). Kasurako, Gernika-Lumon Eugenia bat jar genezake, eta Muruetako ontziola guztiz eraitsi, Naturak bere bidea egin dezan. Jasangarritasunak eta ekonomiak irabaziko lukete, ez?
Ai… Guggenheim zalapartari hori!
Ene! Guggenheim esan dut? Eugenio, Eugenio….