Hor konpon Marianton
Aspaldion birusen eta pandemia arriskuen gainean asko entzuten eta ikusten gabilz hedabideetan, ondino Koronabirusak eragindako egoera gogorrak ahaztu barik daukaguzanean. Biruson artean izen barriak eta zaharrak: hantabirusa, norobirusa, ebola…, eta honegaz batera zaharrak barri: birusok aberats eta pobreen arteko arrakala argi erakutsi deuskuelako, kasuei egindako jarraipenak eta aurre egiteko baliabideak kontuan hartuta.
Hantabirus agerraldia hango eta hemengo aberatsez betetako gurutzaontzi baten izan dogu. Osasun agintariek kutsatzen oso gatxa dala behin eta barriro azaldu badeuskue be, 12 kutsatuak eta 3 hildakoak ontzitik atarateko erabilitako protokoloak eta baliabideak ikaragarriak izan dira. Ontzia kanariar uharteetara eroan eta bertan hainbat lekutako hegazkinak zain, 23 nazionalidadetako bidaiariak euren jaioterrietara eroateko. Gaixorik edo sintomekin egozanak lantxetan portura eta handik ibilgailu berezietan hegazkin medikalizatuetara, ondoren ospitale espezializatuetan zaintza berezipean berrogeialdia egiteko. Sintoma bakoak autobus medikalizatuetan eurentzat beren-beregi eroandako hegazkinetara, larrialdi eta osasun profesional ugarik lagunduta.
Hau guzti hau zuzenean bizi izateko aukera izan dogu hedabideen bidez, fokoa horretan ipinita egon dalako. Honegaz batera agertu jakun norobirusa beste gurutzaontzi batean, beherunzkoa eragiten dauen birusa. Gurean ez da larria, horri aurre botika eta tratamenduak ditugulako, baina gurutzaontziak bere bidaian geldialdia egin dauen portuetan jasotako osasun arreta sekulakoa izan da, batez be kutsatzeak saihesteko asmoz.
Zoritxarrez pandemia larrienetarikoa eragin leiken birusa bizkor zabalduz dabil gurean: indiferentziaren birusa, Hor konpon¡ Marianton izen zientifikoduna
Kontu guzti honeekin genbilzala izan dogu Afrikako azken ebola agerraldiaren barri be, baina kasu honetan albistearen jarraipena eta aurre egiteko baliabideak beste era batekoak izan dirala ikusi dogu, askoz urriagoak, jakina. Hilabete baino gehiago behar izan da agerraldia bera atzemoteko, eta atzemon danerako ia 1.000 kasu egozan dagoeneko. Adituen arabera, kooperazinoan egindako murrizketen ondorioz ezinezkoa izan da diagnostiko goiztiarra egitea eta agerraldiaren barri aurretik izatea. Beraz, nahiko zabal egon arte ez gara konturatu.
Ikusi ditugu bertako baliabideen irudiak be, edo baliabide ezarenak, hobeto esateko. Mosukoa daukanak badauka zeozer, baina ahaztu bestelako guztiez. Dana dala, behin guratzaontzietako kasuak bideratu diranean, laster ahaztu dogu Kongoko Errepublika Demokratikoan ebola birusa eragiten dabilena, bertako egoera orokor larriagaz batera. Osasunaren Mundu Erakundeak jakinarazi barri dau pandemia larrienak etortear dagozala, baina zoritxarrez pandemia larrienetarikoa eragin leiken birusa bizkor zabalduz dabil gurean: indiferentziaren birusa, Hor konpon¡ Marianton izen zientifikoduna.