Ibilaldi bustiari elkartasun erantzuna haratzago doa
Aurten Ibilaldia antolatzea Lekeitioko Azkue ikastolari egokitu jako. Egun handia herriarentzat, erronka potoloa ikastolako komunitatearentzat eta ekarpen ederra behar dogun hezkuntzaren euskal sistema propiorako.
Testigua hartu ebenetik, seguruenik aurretik be bai, lanari ekin eta herritar askoren inplikazioa izan dau Ibilaldiak. Guraso, irakasle, ikasle zein ikasle-ohi eta herriko hainbat eragile buru belarri ibili da prestaketa lanetan, ilusioz eta gogoz. Ikastolako komunitatean, auzolana eta konpromisoa osasuntsu dagozela ikusi ahal izan dogu. Benetan pozgarria da eta goraipatu beharrekoa!
Ikastolaren errealitateak oraindik baina, erakusten deusku IBILALDIA lako ekimenak behar beharrezko dituela bizirauteko. Aurtengo izerdiak, lanerako grinak eta proiektuarekiko bizipozak ostera, «erantzun» mingotsa izan dau. EH Bilduk ozen eta indar handiz animatu nahi ditu herritar guztiak euren laguntza eskeini dagien bakoitzaren ahalmenaren arabera. Euriak eragindako kaltea irauli egin behar dogu eta elkartasunez jokatu, erakunde publikoak eta norbanakook.
Egunotan, aurrerago esandakoari lehentasun osoa emon behar bajako be, ez dagigun ahaztu hezkuntza arlo estrategikoa dala, batez be gure moduko herri menperatuan. EH Bildukook eraldatu egin nahi dogu egungo sistema eta herri modura landu geure hezkuntza nazionala. Ez dogu hutsetik hasi beharrik, herritik eta herriarentzat sortu izan dogun Azkue Ikastolaren zutabea ezezik, badogu beste zutabe bat ezinbestekoa, Eskola Publikoa.
Eraiki dagiguzan zubiak zutabe bien arteko elkar lanaren bitartez hezkuntza burujabea gauzatzeko. Bestela, nahi baino arinago gureak egingo dau herri modura.
–Miren Tere Aboitiz Erkiaga. Lekeitioko EH Bilduren izenean.